Pagola Arratia Eleiza  

Gauza Tixikien garrantzia. Pagola

GAUZA TXIKIEN GARRANTZIA

 

Kristautasunari kalte handia egin izan dio mendetan barna triunfalismoak, botere-egarriak eta etsaien aurrean oilar izan nahiak. Bada oraindik Eliza baten botere-mina bizi duenik, elizak beteko lituzkeen, kaleak bere egingo lituzkeen, bere erlijioa mundu guztiari ezarriko liokeen Eliza baten mina.

Irakur ditzagun bi parabola labur. Haietan Jesusek argi uzten du, bere jarraitzaileen eginbeharra ez dela erlijio boteretsu bat eraikitzea, baizik eta Aitaren egitasmo gizatartzailearen (Jainkoaren erreinuaren) zerbitzura jartzea dela, Ebanjelioaren «hazi» txiki batzuk ereinez eta gizartean murgilduz giza bizitzaren «legamia» apur bat bezala.

Lehenengo parabola mostaza-ale batez mintzo da; baratzean ereiten da. Zer du berezirik hazi honek? Guztien artean txikiena dela; hazten denean, barazkiak baino zuhaixka handiagoa bihurtzen dela. Aitaren egitasmoak hasiera oso apala du, baina haren indar eraldatzailea ezin dugu orain imajinatu ere.

Jesusen jarduera Galilean, onberatasun- eta zuzentasun-keinuak ereinez, ez da izan batere handiosa, ezta ikusgarria ere: ez Erroman, ez Jerusalemgo Tenpluan ohartzen dira gertatzen ari denaz. Gaur egun Jesusen jarraitzaileok egiten ari garen lana ezdeusa da esateko: botere-guneek ezikusiarena egiten diote.

Are gehiago, kristauek berek pentsa genezake, alferrikako lana dela mundu hobe bat egin nahi izatea: gizakiak behin eta berriz betiko lazkeriak egiten ditu. Ez gara gai sumatzeko, Jainkoaren erreinua haziz doala mantso-mantso.

Bigarren parabola emakume batez mintzo da: irin-ore handi bati legamia-apur bat nahastu dio. Nola inork ez dakiela, legamia bere lana egiten ari da orean, hau erabat hartzitu arte.

Gauza bera gertatzen da Jainkoaren egitasmo gizatartzailearekin. Behin munduan sartu delarik, gisa historia eraldatzen dihardu isil-isilik. Jainkoak ez du jokatzen kanpotik ezer indarrez ezarriz. Mundua gizatartu nahi du, bere seme-alaben kontzientziari tira eginez, biziera duinago, zuzenago eta anai-arreba artekoagorantz.

Konfiantza izan behar dugu Jesusengan. Jainkoaren erreinua gauza apala eta koxkorra da hasieran; alabaina, Jainkoak lanean segitzen du gure artean, eragiten duelarik bai solidaritatea, bai egiaren eta zuzentasunaren nahia, bai mundu zoriontsuago baten irrika. Haren lankide izatea dagokigu, Jesusi jarraiki.

Eliza botere txikiagokoa, pribilegioz gabetuagoa, pobreago eta pobreekiko hurbilagoa: beti izango da Eliza libreagoa, Ebanjelioaren hazia ereiteko; beti izango da apalagoa, jende artean bizitzeko bizitza duinago eta anai-arreba artekoago baten legamia bezala.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain