Sarrerak Arratia Eleiza  

Argiaren Lekukoak. J.A. Pagola

ARGIAREN LEKUKOAK

 

Gizon-emakume batzuek Jesusekin izan duten harreman harrigarri batetik sortu da kristau-fedea. Ikasle hauek harekin harremanetan hasi eta «Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea» esperimentatu dutenean hasi da guztia. Jesusekin bizi izan duten esperientzia askatzaile, eraldatzaile eta gizatartzaileak abiarazi du guztia.

 

Haien fedea duda-muda, ziurtasun-ez eta oker-ulertzeen artean esnatu da, Galileako bideetan jarraitzen diotela. Koldarkeriak eta ukapenak jotzen du fede hori Jesus gurutzean josia ikusten dutenean. Baina, indarberritu eta kutsakor bihurtu da hil ondoren Jesus bizi dela esperimentatzen dutenean.

 

Horregatik, urteen joan-etorrian, esperientzia hori kutsatzen ez bada eta belaunez belaun eskualdatzen ez, haustura tragikoa gertatuko da kristautasunaren historian. Gotzainek eta apaizek kristau-mezua predikatzen jarraituko dute. Teologoek beren aztertzearen obrak idatziko dituzte. Eliz artzainek sakramentuak emango dituzte. Baina, hasieran bizi izan zuten hartatik zerbait kutsatuko duen lekukorik ez bada, funtsezkoa faltako da, Jesusekiko fedea mantendu dezakeen gauza bakarra faltako da.  

 

Geure kristau-elkarteetan Jesusen lekukoen premia dugu. Joan Bataiatzaileak, judu-herrian Jesusi bidea urratzen dion hark, Elizan hain premiazkoa den bokazio hau esnatzera animatzen gaitu. Gure aldi hauen iluntasunean, «argiaren lekukoak» behar ditugu.

 

Jesus desiratzea esnatuko eta haren mezua sinesgarri bihurtuko duten fededunak. Beren esperientzia pertsonala, beren espiritua eta beren hitza direla medio, Jesusekin topo egitea erraztuko dutenak. Ahaztua eta baztertua utzia izatetik aterako dutenak, gure artean ikusgarriago bihurtzeko.

 

Lekuko apalak; Joan Bataiatzailearen antzera, beren buruari erdigune bihur lezakeen inolako egitekorik leporatzen ez diotenak, Jesusi protagonismoa harrapatu nahi ez diotenak. Jesus ez ordezkatzen, ez lausotzen duten jarraitzaileak. Hura animatzaile eta sostengu duten kristauak; beren keinuen eta hitzen bidez, gure artean bizi den Jesusen presentzia nahastezina barruntarazten duten kristauak.

 

Jesusen lekukoak ez dira mintzo beren buruaz. Beren hitzik inportanteena Jesusi esaten uzten dioten hura dute. Egia esan, lekukoak ez du hitzik. Soilik «ahots bat» da, Jesusengana bidera gaitzakeen bidea «zelaitzera» guztiok anima gaitzakeena. Gure kristau-elkarteen fedeak ere gaur egun esperientzia horixe du sostengu, lekuko apal eta xume horiena, hainbat etsipen eta nahasmenduren artean argi egiten duten horiena; izan ere, beren bizieraz Jesus hurbil dugula sentitzen laguntzen digute.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain