Sarrerak Arratia Eleiza  

Jaunaren bateoa. J.A. Pagola

JESUSEN ESPIRITUA

 

Judu-herriak krisialdi handia bizi zuen une batean agertu zen Jesus Galilean. Denbora asko zeraman Jainkoaren urruntasuna sentituz. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen ezin ikusizko murru antzeko batek eragozten ziola Jainkoarekin komunikatzea. Inor ez zen gai haren ahotsa entzuteko. Ez zuten jada profetarik. Ezin zuen inork hitz egiten Espirituak eraginda.

 

Hauxe zuten gauzarik gogorrena: Jainkoa beraietaz ahaztu egin zela uste izatea. Israel herriaren arazo Jainkoari bost axola ote zitzaion. Zergatik zegoen ezkutuan? Zergatik hain urrun? Apika, jende askok zuen gogoan antzinako profeta baten otoitz hau: «Ai zerua urratu bazeneza eta jaitsiko bazina!»

 

Markosen ebanjelioa entzun zuten lehenengo kristauak harriturik geldituko ziren, noski. Markosek kontatzen duenez, Jordan ibaiko uretatik irtetean, bataioa hartu ondoren, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen» eta «bere gainera Jainkoaren Espiritua jaitsi zela» sentitu zuen. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo egitea. Bazen lurrean Jainkoaren Espirituak hartua zuen gizon bat. Jesusen zeritzan eta Nazaretetik zetorren.

 

Jesusen gainera jaitsi den Espiritu hori bizia kreatzen duen Jainkoaren hatsa da, bizidunak berritzen eta sendatzen dituena, guztia eraldatzen duen maitasuna. Lehen kristauek ez zuten nahi Bataiatzailearen ikasletzat har zitzaten. Jesusen Espirituak bataiatutzat zuten beren burua.

 

Espiritu hori gabe dena itzalia da kristautasuna. Galdu da Jainkoarekiko konfiantza. Fedea ahuldua. Iraganeko pertsona huts bilakatzen da Jesus, bizirik gabeko letra bihurtzen da Ebanjelioa. Maitasuna hoztu, eta Eliza erakunde erlijioso bat gehiago baizik ez.

 

Jesusen Espiriturik gabe, askatasuna itoa da, poza itzalia, ospakizuna ohitura huts bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiriturik gabe, misioa ahaztu egiten da, esperantza hil, beldurra handitu, Jesusi jarraitzea erdipurdiko gauza erlijioso bihurtzen da.

 

Gure arazorik nagusiena Jesus ahaztu izana da, haren Espirituaz ez arduratzea. Oker handia da antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo mila eratako estrategiarekin lortu nahi izatea Espirituagandik bakarrik jaio daitekeen hura. Sustraietara itzuli beharra dugu, Ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun osoan berreskuratu beharra, Jesusen Espirituan bataiatu beharra.

 

Ez dezagula engaina geure burua. Espiritu honi ez badiogu uzten biziberritu eta birsortu gaitzan, kristauek ez dugu izango garrantzizko inolako ekarpenik gaur egungo gizartearentzat, hain barnetasun gabea eta maitasun solidariorako hain gaitasun gabea eta hain esperantza-beharrean den honentzat.