Sarrerak Arratia Eleiza  

GURE GORRERIA SENDATU. J.A. Pagola

Israelgo profetek sarritan erabili ohi zuten «gorreria» hitza metafora probokatzailetzat, herriak Jainkoari bere bihotza itxi eta eragozpenak jarri izana adierazteko. Herriak «baditu belarriak baina ez du entzuten», esaten ari zaio Jainkoa gorreria hitz horren bidez. Horregatik, profeta batek bihotz-berritzeko deia egin die guztiei, hitz hauekin: «Jende gorra, entzun eta aditu».

 

Alde horretatik, ebanjelioetan kontatzen diren gorren sendatzeak «bihotz-berritzearen kontakizun» bezala har daitezke; hain zuzen ere, Jesusi senda gaitzan uztera dei egiten diguten kontakizunak dira; bai gure gorreria, bai Jesusi jarraitzeko ditugun geure eragozpenak senda ditzan uztera. Markosek, bere kontakizunean, ñabardura oso iradokitzaileak dakartza, kristau-elkarteetan bihotz-berritze horretan nola lan egin adierazteko.

 

  •         Pertsona gorra beste guztiengandik urrun bizi ohi da. Gainera, badirudi ez dela jabetzen bere egoeraz. Ez da saiatzen senda dezakeenagana hurbiltzen. Baina, bere zorionerako, adiskide batzuk axolatu dira beraz eta Jesusengana eraman dute. Horrelakoa izan beharko luke kristau-elkarteak: anai-arreben taldea, batak bestea laguntzen dutenek osatua, Jesusen inguruan bizi eta senda ditzan uzten diotelarik.

 

  •         Gorreria sendatzea ez da gauza erraza. Jesusek berekin hartu du gizon gorra, alde batera erretiratu da eta hari begira bildu da bere barnean. Premiazkoak dira barne-biltzea eta harreman pertsonalak. Geure kristau-elkarteetan beharrezkoa dugu ingurugiro hau: fededunei Jesusekin harreman barnekoiagoak eta bizigarriak izateko aukera emango diena. Jesu Kristogan dugun fedea harekiko harreman horietan jaiotzen eta hazten da.

 

  •         Jesusek era bizian landu ditu gaixoaren belarriak eta mihia, baina ez da aski. Beharrezkoa da gorrak ere parte hartzea. Horregatik, Jesusek, begiak zerurantz, Aitari bere sendatze-lanean bat egin dezan eske, gaixoari hots egin dio, Jesusen eta haren Ebanjelioaren aurrean gor den orok entzun beharreko lehen hitza esanez: «Ireki zaitez», ireki zeure bihotz hori.

 

Premiazkoa da kristauok ere, gaur egun, Jesusen dei hau entzun dezagun. Ez dira gaurkoak une errazak Jesusen Elizarentzat. Azti eta erantzukizunez jokatzea eskatzen digu. Hondamendia izango litzateke gaur haren deiaren aurrean gor izatea, haren bizi-hitzei ez entzunarena egitea, haren Berri Ona ez aditzea, aldien ezaugarriei ez antzematea, gure gorrerian hesiturik bizitzea. Jesusen indar sendatzaileak senda gaitzake.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain