Sarrerak Arratia Eleiza  

Abendualdiko 1. Domekako gogoeta. Mikel Azpeitia

HITZALDIA

Abenduan sartzeaz bat entzuten dogu buruak jasoteko deia, eta iragarten jaku barritasuna gure itxaropena biztu guran… Zelan aurkitzen gaitu aurtengo Abenduak? Hondamena iragarten daben barri txarrak beti izan dirala esango dogu, lehengoan jarraitzeko?

Badogu arrisku hori, senideok, sinismena ondo ulertu ez dogulako. Geroa, barria, zoriona… «handik» jatorkula-ta geldokerian egon geintekez, txarkeriaren aurrean ezer gitxi egin geikela uste izanik. Ondo ulertuz, geroa, barria, zoriona… ez datoz etorri; geuk landu behar dogu esku artean daukaguna hari leku eginez; hazi egin behar dogu gure ontasunean, gure alkar maitasunean, gure zerbitzuan eta alkar laguntzan, badatorren ontasunak, barritasunak, zorionak, gure artean leku izan daian.

Ebanjelioan Jesusen iragarpena entzun dogu: handikeriak eta nagusikeriak ez dabe iraungo; bildurtzen eta izutzen gaituen arren, ez dabe iraungo; Gizonaren Semea, bizitza betearen ezaugarria, baztertu dabenak eurak doaz heriotzara; eta hari harrera on egin deutsoen ikasleak euren lotura guztietatik askatuak izango dira.

Gu, senideok, Gizonaren Seme Jesusen ikasleak gara, eta onartzen dogu haren agintzaria. Ez gaizala izutu, ba, gure artean ageri diran arazoetako ezeinek; itxaropenez jokatu daigun barritasunaren testigu lez; jardun daigun lanean, geldokerian eta mozkorkerian galdu ez gaitezan.

Horretarako, zaindu daiguzan detaileak: otoitza (bakarrekoa eta alkarregazkoa), ebanjelioaren irakurketea, Jesus Jaunagaz topo egiteko eta berak adore emon deigun; pobreenganako begiramena; izadiaganako errespetua; kontsumoaren murrizketea, eta besteak agurtzea eta irribarrez harrera egitea… Geure jokabideak barriztatuko dau gure ingurua, eta ontasunak bere burua erakusten dauan heinean egingo dau atzeraka txarkeriak…

Badago itxaropenerako eta aldi barriei harrerea egiteko arrazoirik. Bizi izan gaitezan itxaropentsu.

OTOITZA

Itxaropen aldiaren grazia
egiten deuskuzu urtero lez, Jauna,
eta urte oroko gauzea danez,
beste behin ere ihes egin leikigu.

Ez gaizala gure erosokeriak itsutu
ez gure bizimodu lasaiak geldotu.
Itxartu gaizuz gure lo-zorrotik
zaharkitu jakun guztia barritzeko.

Biztu deigula itxaropena zure agintzariak,
irakatsi deigula barritasun izpiak bilatzen
eta emon deigula lanerako adore
itxaropenaren testigu bihurtu gaizan.