Garizumako 1 domekarako gogoeta. Mikel Azpeitia
HOMILIA
Senideok: Garizuman sartu gara. Horixe dinosku begietatik sartzen jakuzan ezaugarriok: abadeak daroan margoa, ubela (edo moraua-lila); ingurua ere motelago daukagu, ez hain apain: ez dago lorerik; liturgiak ez dau abesten Aintzarik, ez Aleluiarik… Aldatu egin da dekorazinoa, eta horrek zeozer esan gura dau. Zer? Margoak dinosku: prestakuntzan sartzen gara. Pazkoa prestatu gura dogu. Horrek zera esan gura dau: guretzako garrantzizko gauzea dala Pazkoa.
Pazkoetan gizakiaren barritasuna ospatuko dogu: Berbiztua, barria da, Jainkoagan da, betiko bizi da, zorionean… Haraxe deituta gagoz!
Garizumeak geure buruaren aurrean jarten gaitu, espilu baten aurrean lez. Eta zintzotasunez jokatzea eskatzen deusku. Erantzun daigun, ba: gura dot gizaki barri izaterantza abiatu? Egon naiten ziur: ez naz bakarrik abiatuko, ez inoiz ere bakarrik egongo: Jesus Jauna doa aurretik bidea egiten, eta berak irakasten eta zabaltzen deusku bide hori.
Gidari, Jainkoa bera dogu. Bere berban aurkituko dogu. Eta biderako… gizaki barri izateak eskatzen deuskuna eskuratu behar izango dogu, edo gizaki barri izatea galazoten dauana, baztertu.
Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren maitasuna eta txeratasuna (karinoa) aurkeztu deuskuz. Zelango txeraz egiten dauan gizakia, eta zelango ingurua gertatzen deutson, eta zelango burubideak emoten deutsozan… Baina dana ez da ona. Hantxe dabil Gaizkilea ere, gizakia beretzat irabazi guran. Eta atzipetuko dau (engainatu), makala dalako gizakia. Eta Gaizkileagaz lagun izatearren, bere Egileagandik aldendu egingo da, haserretuko da: maite-maite dauan harengandik aldendu egiten da…
Jakin baleu, behintzat, bere errua, bere pekatua, autortzen! Baina ez: inor erruduntzen dau bere pekatuaz. Eta hortxe doa bere astuntasunean sufritzen.
Aldietan zehar Jainkoak bere erakutsia emongo deutso gizakiari. Eta gure aldietan Jesusengan aurkitu geikez Jainkoak guretzat gura dauan ona eta bedeinkapena. Hurreratu gakiozan. Beragan ikasiko dogu gizaki barri izateko bidea.
1 Jainkoari emon entzumena. Beste iragarki inguruetatik aldendu entzumena. Horixe da eremua, ezaugarri lez. Han ez dago isiltasuna besterik. Hantxe aurkitu geike Jainkoa!
2 Gogor egin zintzaldiei (tentazinoei). Gaizkileak ez dau atsedenik hartzen gu menperatu arte. Ezagutu, ba, pekatu-bideak: larregikeria, erosokeria, kontsumokeria, besteetaz ez arduratzea, zeken jokatzea… Guzti horrek zahartzarora garoaz.
3 Laguntza hartzea, ebanjelioan eta garizumako ezaugarri lirateken limosna, barau eta otoitzean.
Begira zer dinoskun Frantzisko aita santuak, ebanjelioko poztasuna bizi izateko daukaguzan eragozpenen artean hurrengo hau azpimarratzen deuskula:
- 83: Eleizan edo norbere bizitzan ikusten danaz lur-jota, inguruak eskeintzen deuskuzan eztikerietara joteko arriskuan gagoz, eta eurei atxikitzeko gogotan… Eta berau izan Deabruaren eztikeriarik handiena! Eta zer? Ba, bizitza emotera deituak garan arren, ilunpea eta barru-nekea besterik emoten ez daben gauzez liluratuta bizi garala… Hauxe aldarrikatzen deutsuet: ez eiozue itzi inori ebanjelizatzearen poza kendu deizuen!
Bai, senideok: aldi gatxetan bizi gara, aldi bakotxak bere alderdi gatxak daukazan arren. Hortxe dago krisia, hilaren azkenera heldu ezina, etxetik kanpora atarateak, lanik eza, kanpora urten beharra, guregana datozenei gogorkeriaz erantzutea, baketzerik lortu ezina, ustelkeria, bakotxak beretxoa zaindu gura izatea… Baina hortxe daukagu baita amets ederrak emon leikiguzan aita santua ere; gizarteko zuzengabekeriak eta ustelkeriak salatzen dabezan taldeak ere; eta zeozer egin gura daben eleiz-taldeak ere…
Ez gaitezan kexati izan. Hartu daigun parte eskura jarten jakuzan taldeetan (aita santuaren gutun adore-emoilea lantzeko; edo ebanjelioaren irakurketarako; edo… jo daigun barikuetako Kuruzbidera, erretiroetara…), eta esku hartze horrek itxarrik eta gogotsu iraunazoko deusku. Bide horretan zehar helduko gara Gizakiaren Barritasuna ospatzera eta dastatzera Pazkoetan.
OTOITZA
Jainkoak askea (librea) egin nau
eta onerako eta zorionerako.
Baina handia da sumatzen dodazan
txarrerako deiak eta jokerak.
Ez naitela jausi, Jauna,
txarkeria bera ere, pekatua, ukatzean,
edo txarkeriaren eta ontasunaren
gainetik egon gura izatean.
Zeure Espirituak eroan naiala, Jauna,
eta berak irakatsi deidala
besteak jarten neure buruaren aurretik,
gizaki barritu lez jokatzen.
