Garizumako 5 domekako Mikel Azpeitiak eskenitako gogoeta.
HOMILIA
Senideok: gaurko liturgia honegaz urrats handi bat emoten dogu Pazkoara bidean; ia-ia bertan Pazkoan gagozAla esan geike, Jesus hildako bat bizitzaratzen ikusten dogunean. Zer da hau? Galdetu geike. Edo hobeto: zer aurkitzen dabe Jesusengan beragana hurreratzen diranek? Ahalegindu gaitezan apurtxo bat gure hausnarketa honetan Jesusengana hurreratzen; itxi deiogun berari gure bizia argitzen…
Aurreko domeketan Jesus bizitz-iturri lez autortu genduan, samariar emakumeari esandako hitzetan: “Bazenki ‘emoidazu ura’ nork dinotsun, zeuk eskatuko zeuskio berari, eta harek ur bizia emongo leuskizu”; eta baita bizitzako argi ere, itsuari ikusmena emotean. Gaurko domeka honetako liturgian beste hauxe autortuko dogu: Jesus ezagutzen dauanak ez dau heriotzarik ikusiko. Zer ete da heriotzea? Edo zer ulertzen ete dogu heriotzaz? Guzti hori argitu nahi deusku Jesusek.
Antxinatik eukan Ezekiel profeteak adierazita Jainkoa bizien eta hilen Jainkoa zala; edo hobeto esanda, Jainkoak hila bizira erakarten dauala; Jainkoarentzat ez dagoala hilik ez heriotzarik, bizitzea baino. Jainkoa, ba, bizien Jainkoa da. Haren aurrean ez dauka indarrik hilobiak, edo indarge gelditzen da, heriotzearen indar-ezaugarri dan hilobia. Jaungoikoak hilobiak zabaldu, eta hilak bizitzaratu, beraganatu egiten ditu. Beragan hartzen dau gizakiak bizitzearen osotasuna; horretarako heriotzatik igaro behar dauan arren. Ebanjelioak, ba, ez gaitezAla heriotzan gelditu aginduko deusku; jaso daiguzala begi-bihotzak, eta sinistu daigula Jesusengan, berau dalako Jainkoaren egintzak gauzatzen dituana. Begira zelan.
Betaniako hiru anai-arrebak, Jesusen lagunak dira. Baina oraindino judeguen legepean eta ohituretan jarraitzen dabe. Ez da, ba, hain erraza Jesusi jarraitzea. Edo bildur dira; edo uste hobea dabe ohituretan eta legekerietan. Jesusek inguru horretatik askatu nahi ditu (askatu egin nahi gaitu); baina ezin da ulertu Jesusek egin nahi dauana: hain dagoz, eta hain gagoz geuretxoan zarratuta! Jesus ez da sartzen ulerkerotan; kanpora urten behar dabe, banan-banan, ahizta biak; eta judeguen bildurrez gainera. Eta Jesusek negar egin behar dau bere lagunak hain loturik ikustean. Bera Jainkoari loturik bizi da; eta ez dauka ezer eskatu beharrik, dana bere esku itxita daukalako Aitak; horregaitik eskerrak emoten ditu. Eta, minduta, aurpegira botaten deutse Jesusek euren bihotz-gogorkeria: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”? Eta Jesusek, heriotzatik bizira egiten deutso dei hilobian dagoan Lazarori, Jaungoikoaren lanak eginez. Baina begira zer dinon gertakizun harrigarri honetan.
Lazarok, esku-oinak loturik urteten dau hilobitik: harrigarria! Judeguen ohiturek eta jokabideek oraindino lotuta daukela adierazten dau. Eta eurek askatu behar dabela, gainera: “askatu eizue, eta itxi ibilten” dinotse-ta. Eta Lazaro ba doa, aske, baina ez bere arrebengana eta lagunengana, biziaren Egileagana, Jainkoagana baino. Horixe adierazten deusku gertakari honek. Eta euren arteko askok sinistu egiten dabe Jesusengan; baina beste asko agintariengana bihurtuko dira, bildurrez, holangorik ezin onartu daitekela-ta.
Zenbat kostatzen jakun, senideok, gure ohiturak eta pentsamoldeak-eta aldatzea. Jesusengana hurreratu garala uste izaten dogu, eta geure ohituretan zarratuta egoten gara. Ezin onartu geike Jesus bizitzaren jabe dala, eta gorpuak ezin zainduta ibilten gara. Geuri ere ez ete deusku aurpegiratuko Jesusek Martari esandakoa: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”?
Eskatu deiogun Jesusi beragan sinistu daigula, eta lagundu deigula gure ohikerien loturetatik alkar askatzen.
OTOITZA
Jauna: ez zaitut larregirik ulertzen.
Ez nazala bizi dinostazu?
Nirea ez dala bizia, zeurea baino?
Nik, bizi nazala uste dot, ba, Jesus!
Badaukat jatekorik eta janztekorik;
badaukat osasunik eta dirurik…
Zer gehiago behar da bizi izateko?
Edo… ze bizitzatara deitzen nozu?
Geure giza-usteetan, batzutan,
edo erlijino-usteetan beste batzutan,
hilda egon geintekezala dinoskuzu, Jesus:
behar ez diran loturei lotuta, katibu.
Emoidazu, Jesus, zeurea dan bizia;
usteei eta ohiturei, edo beharrizanei,
edo erlijio-egiei loturik ez dagoana;
behartsuari lotua, Aita gurtzen dauana.
