Pobreziaren aurkako VI. jardunaldia
ARRATIAKO CARITAS
POBREZIAREN AURKAKO MUNDUKO EGUNAREKIN
DUEN KONPROMISOA
Badira sei urte Arratiako Caritasek bere gain hartu zuela Frantzisko aita santuak sortu zuen pobrezia egoeran dauden pertsonekiko sentsibilizazio eta topaketa jardunaldia gure herrietara ekartzeko erronka.
Jardunaldiaren helburua, lehenik eta behin, fededunak bultzatzea da, bazterketaren eta xahutzearen kulturaren aurrean erreakziona dezaten, topaketaren kultura bere eginez. Aldi berean, gonbidapena pertsona guztiei zuzenduta dago, edozein erlijio-aitorpen dutela ere, edozein elkartasun- ekintzaren bidez pobreekin partekatzeko prest egon daitezen, anaitasunaren zeinu zehatz gisa.
Arratiako Caritaseko taldeak ibilbide luzea du justiziaren aldeko lanean. Pertsona konprometituen taldea da, eta herrietan proiektuak sostengatzen dituzte, gehien sufritzen duten pertsonen bizitzak hobetzen dituzte eta elkartasunaren eredu dira, inguruko beste elkarte batzuekin eta udalekin koordinatuta.
Aurreko edizioetako bakoitzean, eta betiere pobreziaren aurkako lana elementu nagusitzat hartuta, sentsibilizazio- eta topaketa-jarduerak antolatudira, eta diru-bilketak ere egin dira inguruko hainbat proiekturi laguntzeko, pobrezia- edo gizarte-bazterketako egoerei erantzuteko.
Horrela, lehenengo urtean, Arratia bailarako parrokia guztietako kanpaiak jo ziren ordu berean, eta dohaintzak jasotzeko kutxa batzuk jarri ziren. Jasotakoa Harribide elkartearentzat izan zen (gazte migratzaileekin lan egiten duena). Bigarren edizioan, topaketaren ideian sakondu zen, eta afari solidario bat partekatu zen Igorren, salda eta ogi afari xume bat, eta bildutako dirua Askabide elkartera bideratu zen (irabazi asmorik gabeko elkarte independente bat da, prostituzioan aritzen diren pertsonen kolektiboa gizarteratzearen alde lan egiten duena). Hirugarren urtea ere Igorren ospatu zen, Kultur Etxean musika eta dantza ikuskizun batekin, 200 lagunetik gora deitu zituena. Oraingoan, Bizkaiko Caritasek Bilbon dituen jantoki sozialetarako erabili zen, etxerik gabekoei zerbitzua emoten deutsoelako.
Lehen hiru urte horien ondoren, beste herri batzuek ekitaldiaren anfitrioi gisa jarduteko aurrerapausua eman zuten, eta, pandemiaren ondoriozko murrizketak tarte, Zeanurin egin zen, askotariko jarduerekin eta parte-hartze handiarekin. Hurrengo urtean Dimak hartu zuen lekukoa, gizarte bazterketarekin eta pobreziarekin lotutako jarduerez betetako arratsalde bat antolatuz, elkartasunezko lanaren aldeko topaketa eta ospakizun giroan.
Aurten, Lemoa izango da Arratian eta Bizkaia osoan erreferentzia den Pobreen Munduko Jardunaldi baten anfitrioi. Aurten deitzen digun leloa «pobreekin pobre» da, pobrezia-egoerez arduratzeko eta egoera okerrenean dauden pertsona eta familiekin partekatzeko beharrari erreferentzia eginez. Zozketa baterako txartelen salmentaren bidez biltzen den dirua gazte migratzaileen alde lan egiten duen Auzo Bizi komunitate-inklusiorako proiektuari laguntzeko erabiliko da. Pobreziaren aurkako konpromisoa bizitzeko modu bat da, ez gai puntual bat, eta horrela erakutsi nahi dugu jardunaldi honen bidez. Konpromiso horren barruan, gure kontsumoa murriztu, bidezkoago bihurtu, neurriz bizi, ingurumena eta etxe komuna zaindu, eta fededunen kasuan, Jaungoikoarekin topatu egoera txarrenean dagozan pertsonekin harremanaren bitartez.