Aldi zailetarako (J.A. Pagola)
ALDI ZAILETARAKO
Gure egun hauetan gertatzen ari diren kanbio sozio-kulturazko sakonak eta erlijio-krisia astindu gogorra ari dira ematen, mendebaldean, kristautasunaren sustraiei; horrek guztiak inoiz baino gehiago eragin beharko liguke argia eta indarra Jesusengan bilatzera, aldi hauek azti eta erantzukizunez bizi ahal izateko.
Errealismorako deia
Inoiz ez die Jesusek bere jarraitzaileei aditzera eman bide erraza, arrakastatsua eta aintzatsua izango dutenik. Ostera, jakinarazi die beren historia luzea zailtasunez eta borrokaz betea izango dutela. Beraz, Jesusen espirituaren kontra doa triunfalismoa aldarrikatzen ibiltzea edota handikeriari laineza emanez bizitzea. Benetan latza iruditzen zaigun bide hau da bere Jaunari leial izan nahi zaion Elizari egiaz dagokiona.
Xalotasunik ez
Krisialdian, duda-muda eta nahasmendu-aldian ez da harritzekoa mezuak eta agerpenak entzutea salbazio-bide berriak proposatuz. Horien aurrean, hona Jesusen erreguak. Lehenik eta behin: «ez zaitzatela inork engaina», hau da, ez jarri xaloki zeuen ustea ebanjelioa ez beste mezu batean, ez Elizaren barrukoan, ez kanpokoan. Beraz, «ez ibili halakoen ondoren». Ez uste izan Jesu Kristogandik apartarazten gaituztenengan, hura da gure fedearen oinarri eta jatorri bakarra.
Funtsezkoari atxiki
Kristau-belaunaldi bakoitzak izan ohi ditu bere arazoak, zailtasunak eta bilatu beharrak. Ez genuke galdu behar geure patxada, baizik geure erantzukizunari lotu beharko gintzaizkioke. Ez digu inork eskatuko geure indarrez gaindiko den ezer. Eskura dugu Jesusen beraren laguntza: «Neuk emango dizkizuet hitzak eta jakinduria». Ukazioa eta etsaigoa dituen kontrako ingurumenean berean, bete dezakegu ebanjelioa eta bizi gintezke kristau-zentzuz.
Testigantzaren ordua
Aldi zailak ez ditugu bihurtu behar lanturako, oroimenerako edo etsipenerako aldi. Ez dira etsitzeko, geldotzeko edo amore emateko aldi. Beste bat da Jesusen mezua: aldi zailetan «aukera izango duzue testigantza egiteko», Orduan, hain zuzen, behar dugu biziago egin geure artean Jesusen, haren mezuaren eta haren egitasmoaren testigu apal baina konbentzigarri izateko deia.
Pazientzia
Hona Jesusen erregua goiari gogor eusteko: «Zeuen iraupenez salbatuko duzue arima». Jatorrizko hitza bietara eman daiteke: «pazientzia» nahiz «iraupena». Kristauen artean gutxi mintzatu ohi gara pazientziaz, baina inoiz baino handiagoa dugu haren beharra. Kristau-bizieraren estilo hau, pazientziazkoa eta iraupenekoa, lantzeko mementoa dugu gaurkoa, egoera eta erronka berriei erantzuten lagunduko diguna, bakea eta argitasuna galdu gabe.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain