Sarrerak Arratia Eleiza  

Mikel Azpeitiraren abendualdiko lehenengo domekarako

ITZALDIA

Senideok: Liturgia aldi barria hasten dogu domeka honetan: Abendualdiko lehenengo domekea dogu. Aldi honetan sarri entzungo dogun berbea itxaropena da, eta ereduzko irudiak Profetea, Maria eta Joan Bateatzailea izango doguz. Eurek jarriko gaitue gure ingurura eta bizi doguzan aldietara begira: itxaropenaz, ustea Jainkoagan jarrita, egin behar dogula lan esango deuskue.

Zer daukagu Abendualdiko lehenengo domeka honetarako? Herriaren adorea jaso guran datorren profetearen berbea; edo aldiei ondo begiratzeko agintzen deuskun apostoluarena; edo zemai lez ere ulertu daiteken Jesusen mezua…

Murgildu gaitezan, ba, entzundako irakurgaiotan hausnarketatxo bat egiteko, eta gure itxaropena zelan biztu, eta Jainkoari zelan erantzun, bilatzeko.

Hartu daigun gogoan, lehenengo ta behin, edozein aldi, giro edo une txar, txarragotu leitekela. Hau azkena da uste izan arren, azkenagoa etorri daitekela.

Hori dala-ta, askok unea baino ez dabe bizi izan gura, lehenari eta geroari uko eginda, eskura daukena une hauxe baino ez dala-ta. Eta une hori ahalik eta erosoen bizi izatea bilatuko dabe.

Beste batzuk, aurrera begiratzean, euren txikitasuna eta ezina autortuz, txarkerien errua besteei (agintariei, edo ahaltsu diranei) leporatuko deutse, eta hareik aldatzen ez diran artean ezer ezin daitekela uste izango dabe; eta etsipenak jota bizi izango dira.

Profetearen berba adore-emoileak entzun dauzanak, eta hondamen egoeran egon gura ez dauanak aurrera itxaropenez begiratu baino, Paulori jaramon eginda, aldiak, egoerak eta uneak aztertuko ditu, eta euretan zelango zintzotasuna eta ahalegina eskatzen jakozan bilatuko dau.

Jesusi jaramon eginez, bata hartua eta bestea bertan itzia izango dala onartuz, lanean jarriko da; besteak ustelkerian bizi dirala ikusi arren, bere eredua emon gura izango dau; merezi dauala uste izango dau; bere esku dagoana emon behar dauala uste izango dau…

Hainbeste arazo daukaguz, senideok, gizarte mailan, Eleiza mailan, eta baita bakotxak bere familian ere… inori leporatuko deutsogu errua, eta ezer egiterik ez dagoala uste izango dogu? Ala, egoerea hobetzeko, bakotxaren lana eta zintzotasuna behar dirala-ta, ustea Jainkoagan jarri, hari argia eta adorea eskatu, eta norberenetik emoten ahaleginduko gara?

Aldi barri honek aukera barri bat emoten deusku: zaharra alde batera bota, aurrera begiratu, eta itxaropenaz lan egiteko aukerea. Ez daiguzan bilatu errudunak, eta bai, alderantziz, lanerako eta zintzotasunerako ereduak. Abendualdiko Liturgiak aurrean jarriko deuskuz. Adi!