Pagola Sarrerak Arratia Eleiza  

Abendualdiko 2. Domeka. J.A. Pagola

BIDE BERRIETAN IBILI

 

K.o. 27 edo 28an profeta berezi eta independente bat agertu zen basamortuan, Jordan inguruan. Zirrara bortitza eragin zuen judu-herrian: lehen kristau-belaunaldiek Jesusi bidea urratu zion gizontzat eman zuten hura beti.

Haren mezu guztia oihu batean bil daiteke: «Prestatu bidea Jaunari, zelaitu hari bidexkak». Hogei menderen ondoren, Frantzisko aita santua mezu bera ari zaigu hots egiten kristauei: urratu bideak Jainkoari, itzuli Jesusengana, onartu Ebanjelioa.

Frantziskoren asmoa garbi dago: «Bila dezagun bide berriak aurkituko dituen Eliza». Ez da izango gauza erraza. Azken urte hauetan beldurrak zurrundurik bizi izan gara. Aita santua ez da harritzen: «Berritasunak beldur-pixka bat ematen digu beti, seguruago sentitzen gara dena kontrolpean badugu, geu baldin bagara geure bizitza eraikitzen, programatzen eta planifikatzen dutenak». Eta galdera dagigu, erantzuteko: «Prest al gaude Jainkoaren berritasunak aurkezten dizkigun bide berrietan ibiltzeko ala beren erantzun-gaitasuna galdua duten egituretan hesitu nahi dugu?»

Elizako zenbait sektorek eskatzen dio aita santuari premiazko jotzen dituzten erreforma desberdinei ekiteko ahalik lasterren. Alabaina, argiro agertu du Frantziskok bere jarrera: «Batzuek Elizan erreformak espero dituzte eta egiteko eskatzen didate, eta egin beharreko dira. Baina aldez aurretik jarrerak behar dira aldatu».

Miresgarria deritzot aita santuaren buruargitasun ebanjeliko horri. Lehenengo gauza ez da dekretu erreformatzaileak sinatzea. Lehenik, kristau-elkarteak konbertsio-jarreran ipini behar dira, eta Elizan jarrera ebanjeliko oinarrizkoenak itsatsi. Giro horretan bakarrik ekin ahalko zaie, eginkorki eta ebanjelio-senaz, Elizak premiazko dituen erreformei.

Frantzisko bera ari zaigu adierazten egunero zein ditugun beharrezko jarrera-aldaketak. Joan-etorri handiko batzuk nabarmenduko ditut.

Elizaren erdigunean Jesus ipintzea: «Jesusengana ez daraman Eliza bat Eliza hila izango litzateke».

Ez bizitzea Eliza itxi eta autoerreferentzial batean: «Iraganean hesitzen den Eliza batek saldukeria egiten dio bere nortasunari».

Jainkoak bere seme-alabentzat duen errukiak eraginik jardutea beti: ez lantzea «kristautasun lehengoragarri eta legalista bat, dena argi eta seguru nahi lukeena, ezer aurkitzen ez duela».

Eliza pobre eta pobreenaren bila ibiltzea. Geure bizitza esperantzan ainguratzea, eta ez «geure arauetan, geure portaera eklesiastikoetan, geure klerikalismoan». 

 

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain