Mikel Azpeitiaren Abendualdiko 2 domekarakoa
Abendu aldiko II. asteko domekea /A
HITZALDIA
Senideok: buru-belarri gagoz sartuta itxaropen aldia dogun aurtengo Abenduan eta,
behar bada, ez dogu itxaropenerako zantzu larregirik ikusten, eta bai, ostera,
etsipenerako. Baina zelan begiratzen dogu gure historia etsipenera bidean
ikusteko?
Lehenengo irakurgaian agertu jakun Isaias profeteak, gerrate baten egiten dan eta
hantxe izten dan hondamenean bertan, itxaropen zantzuak ikusi dauz eta hauxe
erakutsi gura deutse herritarrei: eperditik moztutako zugatzean bizitzearen
zantzuak agertzen dirala, kimu barria; ez da dana hondamena. Eta kimu barri hori
Mesiasen ezaugarria izango da.
Jainkoak ez gaitu hondamenerako sortu; gure txarkeriei ez-ikusi eginez, bere
salbamenera deitzen deusku, eta bidea erakusten dihardu. Profetea, Paulo eta
Bateatzailea bide horren erakusle doguz. Emongo ete deutsegu gure entzumena
eurek dinoskuenari?
Profeteak, irudi eder eta itxaropentsuak erabiliz deitu gaitu itxaropenera;
Jainkoaren guraria gizakion ona da, inguruagazko eta bakotxaren bere buruagazko
bakea, zoriona. Entzun deiogun berari. Ez deiegun emon entzumenik gorrotora,
apurketara, gerrara eta alkar zapaltzera garoezan ahotsei.
Profetearen berba gozo eta bihotz altxagarriok entzun ondoren, Bateatzailearen
zemai ahotsa ere entzun dogu: gure bihozbarritzeak ez dau axalekoa edo itxura
hutsezkoa izan behar. Hori ezin dau jasan Bateatzaileak. Ezin geratu geintekezela
—dinosku— gure eleizkizunak-eta, betekizunak-eta, zintzo daroaguzala esatean,
horrek benetako bihozbarritzera ez bagaroaz. Jainkoak ez deutse begiratzen gure
eleizkizunei edo axaleko egintzei; gure bihozbarritzeari begiratzen deutso.
Hauxe da Paulok, eredutzat Kristo jarriz, iragarri deuskuna, Jainkoaren berbea
dogula lagun esanez. Eta hona hemen zertara bultzatzen gaituan Jainkoaren
berbeak, Kristo eredu: alkarri harrera on egitera, eta Jainkoa alkarregaz
goraltzera, aintzaltzera.
Ezin geratu geintekez, ba, senideok, bakotxak bere salbamena bilatzeari, edo
emoten deutsola Jainkoari aintza eleizkizunetan esku hartzen dauala-ta, uste
izatean. Jainkoak bere seme-alaba guztiok senide gura gaitu, alkartasunean, bere
herri bakar eta beste danentzako eredu…
Egoereak etsipenera eta hondamenera garoazala ikusiz, ez gaitezan geratu geldi,
inor erruduntzen, edo beste era bateko agintariak eta gidariak eskatzen. Geurea
izan behar dau erantzunak, eta ba daukagu itxaropenerako ziorik (edo arrazoirik):
Jainkoaren nahia da gure zoriona, eta eten barik daukagu deika bere berbea eta
ereduak emonez.
Entzun-gor eginez erantzungo ete deutsagu, edo axaleko egintzez eta itxurakeriez?
Itxaropenean bizi izan gura dauanak zintzotasunetik erantzutea bilatuko dau,
besteen bildur edo lotsa barik, uste osoa Jainkoagan jarrita, haren berbearen
gidaritzapean.