Sortzez Garbia egunerako Mikel Azpeitiaren homilia
Senideok: Abenduaren atarian Mariari begira jarten gara bera proposatzen deuskulako gure sinismen tradizinoak eredu Jainkoagazko hartu-emonetarako eta harenganako zintzotasun eta konfiantzarako.
Egia da eliztarrok etsipenean egon geintekezala zaharkituta eta indargetuta lez, eta eleiz-gizonen eta eleiz-agintarien eredu txarren lotsakizunean; baina horrek ez gaitu eroan behar urtenbiderik ez dagoala onartzera, eta Jainkoak luzatzen deuskun eskuari uko egitera. Non zara? —galdetzen deusku Jainkoak. Ausardiaz autortu daigun geure pekatuen ilunpetan gagozala ostonduta, eta handik urteteko bere laguntza behar dogula. Ez deiogun inori leporatu gure errua, Adanek Ebari leporatu eutson lez, gertatzen jakunaren errua eleizgizonena edo, besteena, baina ez nirea, dala argudiatuz. Horrelaxe baino ez deutsaguz zabalduko ateak Jainkoak eskeintzen deuskun erregaluari, eta erantzungo berak proposatzen deuskunari.
Begiratu deiogun Mariari: Jainko-herria lur jota egoan aldietako emakumea dogu Maria, baina Jainkoagandiko erantzuna itxaroten ebana, eta haren esanetara buru-belarri jarria. Bere zalantzak eukazan, baina galdetzera ausartu zan eta bialduagazko hartu-emonetan sartu zan eta, goitik behera, Jainkoarena eta Jainkoarentzat zala autortu eutson: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea». Eta bai zoriona jatorkola bere prestutasunetik! Bedeinkatua da, eta emakume guztien artean aukeratua; eta beragandikoagan, Jesusengan, geu guztiok ere bedeinkatuak, Jainkoagandiko bedeinkapen guztiez.
Izan daigun bedeinkapenotan murgiltzeko ausardia, Jainkoari bere lankide izateko aukeratu gaitula eskertuz. Bai, senideok: orduan Mariari lez, gaur geuri egiten deusku dei (horixe da bokazinoa) itxaropenaren aldarri izan gaitezan, geure esparruan lehenengo, eta mundu zabalean gero.
Frantzisko Erromakoa dogu eredu. Min emoten deutsoe bere inguruan aurkitu dauzan dotrinakeriak eta hainbat eleizgizon eta eleiz-agintariren azpikeriazko bizikereak, eta apalengana heltzea bilatzen dau, ateak eta leihoak zabaltzea, ebanjelioa argitara ataratea, sekuestratuta dagoan lekutik bazter guztietaraino eroatea. Eta lan horretarako dei egiten deusku guztioi ebanjelioaren poza bizi izatera eta haren argipean eta bideetan gure makaltasunak gainditzera. Horren adierazgarri izan dogu gure Eleizbarrutiaren “diszernimentu” urtea, eta orain Eleiza osoaren Sinodoa.
Senideok, ba: Mariari begiratuz eta Erromako Frantziskori entzunez, erantzun deiogun “BAI” handi batez Jainkoari: salatu daiguzan berbaz eta bizikera duinez eta neurritsuz gure inguruko gehiegikeriak, emakumearen sufrimentu guztiak, gure eleiz alkarteen pobrezia eta nagikeria, eta urten daigun gure komodidade eta lasaikeriatik. Jainkoak, pekatari garan arren, bere mezulari behar gaitu. Jarri gaitezan bere esku eta bere esanetara, eta jokatu daigun bokazinodun lez.