Sarrerak Arratia Eleiza  

Domeka honetarako Mikel Azpeitiaren homilia

Senideok: «Zatoz, eta salbau gaizuz» oihukatzen dihardugu Abendualdi guztian zehar. Eta laugarren domeka honetako Liturgiak erakusten deusku hori dei zintzoa edo axalekoa izan daitekela. Barru-barrutik urteten deusku, senideok, oihu horrek? Zintzoa dogu «Zatoz, eta salbau gagizuz» aldarri hori?

Askoren ustez, Jainkoaren lekua tenplua da, edo ezkutukoa, edo urrunekoa, egunerokoagaz zer ikusirik ez daukana: Jainkoa apaingarria baino ez litzateke izango horreentzat. Eta horreek, hartu daikee esku otoitzetan edo eleizkizunetan, edo egin daikee otoitz, edo abestu, edo… Baina axaletik egingo dabe; egin behar dabelako, edo ondo dagoalako, besteek ere egiten dabela-ta. Zenbat holango aurkitu geikezan geure artean…

Baina Jainkoak ikutu dauanak, haren hurtasuna dastatu dauanak, bere uste ona harengan jarri dauanak… egiten dauan otoitza edo eskeintza edo eleizkizuna… ez da axalekoa izango, bere gogoaren eta eguneroko bizipenaren ezaugarri eta ekintzearen lagungarri eta sustatzaile izango dira.

Honeik Jainkoak bialtzen ditu eguneroko laneko arazoetara. Ikusi dogu Paulo erromatarren artean bere autorpena egiten eta harei Jainkoaren maitasunera deituak dagozala esaten.

Eguneroko arazoetan ikusi dogu Akaz erregea. Baina sinismen epelekoa da. Jainkoagazko hartu-emonak apaingarri baino ez dauz. Eta harengandik ezaugarri apala baino nahiago dau ahaltsuen lagun bihurtzea, euren morroi jausiko bada ere…

Alderantzizko eredua aurkitu dogu ebanjelioan Joserengan: honek Jainkoagan dau uste ona, bere zerbitzura dago, eta, ulertzen ez dauzan gauzak haren argipean irakurten dauz.

Biotatik zeinek itxaroten dau Jainkoagandiko salbamena, eta gauzatzen dau bere egunerokotasunean?

Euroi begiratuz jarri geikez Jainkoaren aurrean gure eguneroko arazoak, bai etxekoak eta baita kanpokoak ere. Baina hori egiteko alde batera itzi behar da axaleko erlijiokeria, eta bilatu behar da Jainkoaren ikutua, beragazko esperientzia, uste on osoa beragan jartea.

Era horretara, behartsuak geure bihotzean egongo lirateke, eta geure artera deituko geukez; gogoan izango geukez euren etxetik aldenduak, edo espetxeratuak, edo gizarte diru-zale honek ezereztuak eta baztertuak… Pauloren antzera, geure sinismen bizia erakutsiko geuskie berbaz eta egitez, eta jakingo leukee maite dauzala Jainkoak eta salbamena eskeintzen deutsela…

Beharrezko dogu, senideok, Jainkoagazko hur-hurreko hartu-emon sendo bat. Ez gaizala hartatik urrunduazo loteriaren zarraparreak, ez egunotako kontsumokeriak. Aurkitu daigula Jainkoaren irribarrea geure inguruko pobre eta behartsuengan.