Pagola Arratia Eleiza  

Ama. J.A. Pagola

AMA

 

Askorentzat gerta liteke harrigarri, urte zibilaren lehen eguna eta Andre Maria Jainkoaren Amaren festaburua Elizak egun berean ospatzea. Alabaina, esanguratsua da, Elizak, IV. mendeaz gero, Salbatzailearen jaiotza handikiro ospatu ondoren, urte berria Mariaren, Salbatzailearen eta gure Amaren, amatasun-babesean ospatu nahi izatea.

Gaur egungo kristauok galdegin beharra dugu zer egin dugun Mariaz azken urte hauetan; izan ere, segur aski pobretu egin dugu geure fedea Maria geure bizitzatik aparte utziz.

Dudarik gabe, geure bizipen erlijiosoa garbitzeko eta fede sendoago bat aurkitzeko gogoak eraginik, alde batera utzi ditugu gehiegikeria erlijioso batzuk, lekuz kanpoko debozio batzuk, ohitura azaleko eta oker batzuk.

Sasi-mariologia bat gainditzen saiatu gara, zeinetan, agian, Kristoren ordez Maria jartzen baikenuen eta Mariaren baitan jartzen baikenituen salbazioa, barkazioa eta erospena, dudarik gabe haren Semeari zor dizkiogun horiek.

Baldin eta gure jokabide guztia desbideratzeak zuzentzea eta Maria, Jesu Kristoren Ama eta Elizaren Ama denez, egiazko lekuan ezartzea izan bada, poztu egin beharko genuke eta berretsi geure jarrera.

Baina, horrela gertatu al da zehazki? Ez al gara ahaztu Mariaz, gehiegitxo? Ez al dugu zokoratu bihotzeko txoko ilun batean, balio gutxikotzat ematen ditugun gauza batzuen ondoan?

Maria alde batera uzteak, haren misioaz eta gure bizitzan izan beharko lukeen lekuaz gehiago sakondu gabe, ez du sekula aberastuko gure kristau-bizipena; aitzitik, pobretu egingo du. Segur aski, gehiegikeria handiak egin ditugu iraganean; orain, ordea, geure burua pobretzeko arriskua bizi dugu, geure bizitzatik Maria erabat baztertuz, Kristoren Ama da Maria.

Baina haren sabeletik jaio zen Kristo hari hazten joatea zegokion eta anai-arreba asko bere baitan hartzea, egun batean bere Hitzaz eta bere graziaz biziko ziren gizon-emakume asko bere baitan hartzea. Gaur egun, Maria ez da Jesusen Ama bakarrik. Kristo osoaren Ama da. Fededun guztien Ama.

On izango da, urte berria hastean, geure begiak Mariagana jasoz hastea. Ama baten arduraz eta samurtasunez izango dugu hura bidelagun egunez egun. Gure fedea eta gure esperantza zainduko ditu. Ez gaitezen ahaztu Mariaz urtean barna.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain