Jesusen Aurkezpena. Lagungarriak
JESUSEN AURKEZPENA (Otsailak 2 Kandelario)
Israeldarrak, Jainkoarengandik hur-hur bizi ziran. Jainkoa zan eurentzat Salbatzailea, askatzailea; ondasun guztiak emoten eutsiezana. Horregaitik Jainkoari eskeintzen eutsiezan fruturik onenak, baita euren semeak ere. Era horretara joan ziran Jose eta Maria JAURETXERA; euren seme Jesus Jainkoari eskeintzera.
Jauretxera sartzean, Simeon eta Anak, gizon-emakume fededunak zirenez, ume hori ezagutzen dabe: “nire begiak ikusi dabe Salbatzailea, mundu guztia argituko dauan ARGIA”. Bai, Jesus agertzen da munduko Argi lez. Horregaitik ospatzen dogu, gaur, ARGIAREN EGUNA.
Gaur, geu etorri gara gure Jauretxera, geure Eleizara eta geure bizitza eskeiniko deutsagu Jainkoari; geuk ere gure bizitza Jesusen ARGIA zabaltzen emon nahi dogu-ta.
Guztiok bat eginda abestu daigun
Abestia: Goazen alkarturik
AUTORTZA:
Senideok, Jesukristok dakarskun salbamena onartzeko, pekatari gareala eta argiaren beharrizanean gagozala autortzea beharrezkoa dogu. Gure ilunpetatik atara gaizan apaltasun guztiaz esaten deutsogu
- Jesus Jauna, geure argia izatera zatozana. ERRUKI JAUNA
- Jesus Jauna, geure ilunpetatik ataratzen gaituzuna. KRISTO ERRUKI
- Jesus Jauna, geure bihotzak argitu nahi dozuzana. ERRUKI JAUNA
AINTZA: (Abestuz)
OTOITZA:
Jesus Jauna,
Zu zara gure bizitzak argiz betetzen dituan argia.
Zure bizitza osoa munduko iluntasunak kentzen emon zenduan:
- tristuraren iluntasunak, pozaren argiaz argitzen
- gaixotasunaren iluntasunak, osasunaren argiaz argitzen
- bakardadearen iluntasunak, adiskidetasunaren argiaz argitzen
- haserrearen eta eztabaidaren iluntasunak bakearen argiaz argitzen
- heriotzaren iluntasuna, bizitzaren argiaz argitzen.
Zure bizitza osoa, Aita Jainkoari eskeini zeuntson munduarentzat, gizon-emakume guztientzat argi izateko. Emoiguzu guztioi zure argi horretatik. J.G.J.
HITZAREN LITURGIA
Ml. 3, 1-4
Malakias igarlea dogu Jerusalen-eko Eleiz-Nagusian Jaunaren Aurkezkundea iragarri ebana.
Entzun daigun arreta haundiz
- Salmoa:
Salmo honetan galdera bizi-bizi bat egingo jaku eta baita berari erantzun egokia emon ere NOR DA ZERUKO ERREGE HORI? JAUNA DA! Jesus Mesias. Bera da, Jerusalengo eleizan sartzen dan Erregea, Salbatzailea. Goratu daigun Jesus gure Jauna.
AINTZA JESUS ZURI BETI, ZU ZARA GURE ARGI.
Ebanjelioa: Lk. 2, 22-40
Lukasen Ebanjelio honetan, Malakias igarleak esan ebana beteko da. Mesias Eleiza-Nagusian sartuko ebela eta Judako ta Israeleko opari lez Jaunari aurkeztua izango zala.
ALELUIA hitzak berak esan gura dauan lez, emon daioguzan eskerrak Jainkoari
Bere Seme bakarra geure ARGI lez bialdu deuskulako. Abestu dagigun poztasunez beterik Aleluia…
ARGIAREN EZAUGARRIA
Orain abadeak, Pazko zirioan kandela piztuaz eleiztarrei ARGI hori eroango deutsee. Jaunarengandik hartzen dogun argia geuk ere argi berori gure nebarrebei emongo deutsagu eta hori egiten dogun bitartean oihukatu dagigun Jesus dala gure ARGI BAKARRA
Abestia: Jesus munduko argia…
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
Ondo be ondo dakigu danok, gure mundua ilunpe haundi baten itzaltasunean bizi dana eta Jesusek munduko argia izateko deitu deuskuna eleiza lez
- Guztiok osotzen dogun Eliza Amaren alde: Espiritu Santuaren ausartasunaz beterik, JESUS dala gizakia argitzen dauan ARGI BAKARRA mundu guztian aldarrikatu dagian. GUZTIOK ESATEN DOGU:
- AITA, JESUS DOGU GURE ARGI BAKARRA
– Gaurko gizon-emakumeen alde: Jesus izan daitela euren bizitzen argia eta
zentzuna. GUZTIOK ESATEN DOGU:
* AITA, JESUS DOGU GURE ARGI BAKARRA
- Pekatuak, beragaz dakarren ilunpean bizi diran hainbat pertsonen alde; hainbeste borondadate oneko gizon-emakumeen ekintzak ikusirik, lehenbailehen JESUSen ARGIra bihurtu daitezan. GUZTIOK ESATEN DOGU:
* AITA, JESUS DOGU GURE ARGI BAKARRA
- Eukaristia honetan alkartuta gagozan guztiok, gure Argi eta Salbamen dan
Kristori jarraitu deiogula beti, Haren berbak onartu eta beteaz. GUZTIOK
ESATEN DOGU:
* AITA, JESUS DOGU GURE ARGI BAKARRA
Aita, Jesusengan zeure seme-alabak egin gaituzun ezkero, emoiguzu zeure goiko ARGIA ta indarra, mundu honetan guretariko bakoitzak eta danok ARGIAREN SEME-ALABEI dagokion lez jokatu dagigun. J.G.J.B. Amen.
ESKEINTZA: Abestia: Zurekin Jauna, eskeintzen dogu….
AGURRA
Andra Mariak, Jesusen umea Eleizan sartzean, munduko argia eta salbamena aurkeztu deusku. Guk ere bere antzera, Kristo egiazko argia zabaldu dagigun.
Agertu deiogun gure Ama onari, gure esker-ona, Jesusen bizitza guztian partaide izan zalako, geure salbamenaren alde jokatuz.
Abestia: Zeruko Ama izar argia…