San Blas eguna. Lagungarriak
SAN BLAS, gotzain eta martiria
Otsailak 3
SARRERA
Arrasti on, Eukaristia ospakizun honetara etorri zareen guztioi:
Jauna dogu ondasun guztien iturri. Jesusen Berbea entzun eta Haren Ogia jateko hemen alkartu ahal izatea, Jaungoikoaren dohai eder bat dogu. Gure bizitzea makala da eta horregaitik beharrezko egiten jaku, beste fededun batzuekin batera, Jesusen inguruan alkartzea eta Beragandik jatorkun indarra jasotea.
“Zein gozo ta eder dan”
HITZAREN LITURGIA
Erm 5, 1-5:
San Paulok esango deusku, Kristok Jaungoiko Aitagaz baketu eta Haren seme-alaba egin gaituala, emon jakun Espiritu Santuaren bitartez.
Erantzun salmoa: 116 1-2
Jainkoari gorespen eta aintza emotea, ez da israeldarrena bakarrik; atzerritarrak ere Jainkoa goratuko dabe. Eskertu dagigun Jesusengan emoten jakun salbamena eta bere testigu izateko gogoa barriztau dagigun
“Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona”
Mk 16, 15-20
Jesusek, bere apostoluak mundu zabalera bialtzen ditu Barri Ona iragarten. Apostoluen antzera gu ere Jaunaren testigu gure inguruan izatera deituak gara.
Goratu daigun, geugaz dagoen Jauna, «Aleluia» abestuz.
JAINKO-HERRIAREN OTOITZA
Agertu deioguzan Jaungoiko Aitari munduaren eta geure beharrizanak:
– Elizak Jesusen Eskatu deiogun Jaunari.nahiari erantzunez Barri Ona lurralde guztietara zabaldu dagian, batez ere nekepean bizi diranei egoera barri baten itxaropena azalduz. Eskatu deiogun Jaunari.
– Gure herriko bakearen alde, bake-bideari benetako izanbidea urratseko gure harremanak justiziazkoak eta askatasunezkoak izan daitezen. Eskatu deiogun Jaunari.
– Nazinoetako agintarien eta, batez be, gertuenak ditugunen alde: ahalegindu daitezala giza eskubideen alde eta zuzentasuna ipinten. Eskatu deiogun Jaunari.
– Eukaristia ospatzeko alkartu garen guztion alde, kontzientzatu gaitezela munduan dagoan desberdintasunaz, batzuk askogaz eta beste batzuk behar beharrezkoa danaren faltan. Gure bizitzeko erea neurritsua izan daitela eta alkartasunez jokatu dagigun. Eskatu deiogun Jaunari.
Aita Jaungoikoa, Zeuk maitatu gaituzu lehenengo, zeure Semea bialduz, berari esker bizi gaitezan; entzun gure otoitza eta, Espiritu Santuz beteta, alkar maite dagigula Kristok maite izan gaituan lez. Errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldi guztietan.
AGURRA
Jaunak bedeinkatu gagizala eta lagundu daiskula ekarri ditugun gauzak eta beste ondasun guztiak: gareana eta daukaguna, nebarreben zerbitzuan erabiltzen.
Hartu dagigun Jaunaren bedeinkapena
Eskerrik asko Jauna
IRAKURGAIAK
Erm 5, 1-5:
San Paulo Apostoluak Erromatarrei
Senideok: Fedearen bidez zuzentasuna lortu dogun ezkero, bakean gagoz Jaungoikoagaz, Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Beroni esker zabaldu jakun, sinismenaren bidez, bizi garan grazia honetarako sarrerea, eta harroturik gabiltz, Jainko-semeen aintzaren itxaropenean.
Ez hori bakarrik; estualdietan ere harrotu egiten gara, jakinik estualdiak eroapena dakarrela, eroapenak onbide sendoa, eta onbide sendoak itxaropena. Eta itxaropenak ez dau huts egiten, Jaungoikoaren maitasuna gure bihotzetara isurita dago-ta, emon jakun Espiritu Santuaren bitartez.
Erantzun salmoa: 116 1-2
Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak,
goratu egizue, herri guztiak.
Haundia da-ta Haren guganako maitasuna,
eta beti-betikoa Haren leialtasuna.
Mk 16, 15-20
- Ebanjelioa San Markosen liburutik
Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu jaken eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei. Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu. Sinesten dabenek seinale honeek izango dabez lagun: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».
Holan berba egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde guztietara joan ziran Barri Ona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan hareekin, egiten ebezan mirarien bidez berbea baieztatuz.