Bilboko gotzainak 8 emakumeei egin jaken autorpena dala-eta, zera esan dau: “Ekitaldi honetan, askotariko eleiz eremuetan jarduten dauan emakume anonimo askori hitza emon eta izena jarri gura deutsagu”. Hau da, gaur autorpena jaso dabenei eta, urteak joan, urteak etorri, isilean, era anonimoan zerbitzari izan dan beste hamaikari. Ideia bera nabarmenduz, gotzainak Virginia Woolf idazlearen berbak gogora ekarri ditu: “historiaren zati handienarentzat, ‘anonimo’ emakumea zan”.
On Joseba Segura gotzainak, Ebanjelizatze-egitasmoa beren-beregi aitatuz, esker ona adierazo deutse askotariko arloetan, “kolore aniztasuna eurenganatuz” jardun eta autorpena jaso daben emakumeei. Euren zerbitzuaren, iragarpenaren, ospakizunaren eta “alkarteari emondako adorearen” bidez eskaini daben lekukotasunaren garrantzia azpimarartu dau.
Munduko emakumeak eta, bereziki, Iranekoak
Bilboko gotzainak, bere berbaldian, gogoan izan ditu “emakume eta neskato anonimo” guztiak. Gaur egun be, gerren biktima nagusi diranak. Emakume errefuxiatuak be gogoan izan ditu, “indarkeria fisiko eta sexuala jasaten” dabenak. Egun berezi honetan, gotzainak neskato askok eta askok bizi dauan egoera be salatu dau: “ukatu egiten jake heziketa eta askatasuna”, eta horreen artean, Iraneko eskoletan pozoitzen diharduen neskatoak aitatu ditu.
Javier Onaindia Eleizbarrutiko irratietako zuzendariak aurkeztu dauan ekitaldi publikoan, Beti Jai-alai taldeko June Peñak ohorezko aurreskua dantzatu deutse omendutako 8 emakumeei. Miren Josu Arriolabengoa HOAC mobimentuko (Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea) kideak lagundu deutso txistuagaz. Jente ugari batu da aurton omenaldian eta kopau bat hartu eta solasean jarduteko aukera izan dabe azkenean, Lapiko Catering gizarteratze-laneratzea sustatzen dauan etxeak zerbitzatu dauan lunchean.
Maribel Salcedoren esker oneko berbak
Maribel Salcedok, danen izenean eskertu dau autorpena. Gogoan izan ditu, gaur ekitaldian izan ez arren, isilean eta era anonimoan Eleizaren zerbitzura dagozan emakume guztiak.
Maribelen esanetan, “ez dago ez zerbitzurik, ez iragarpenik ezta ospakizunik be bardintasun barik. Ez dago alkarterik emakumeen presentzia eta protagonismo barik. Hemen gara!”.
Ana Rosa Barrios Toño Peña artistak egindako oroigarria jaso dauan emakumeetako batek emon deutso amaiera ekitaldiari, bardintasun eta aniztasunaren garramtzia azpimarratu dauan ipuina kontatuz.