Sarrerak Arratia Eleiza  

BARKATUZ BIZI. J.A. Pagola

 

 

Ikasleek gauza sinesgaitzak esaten entzun diote Jesusi etsaiekiko maitasunaz, pertsegitzen gaituztenekiko otoitzaz, kalte egin digutenekiko barkazioaz. Segur aski, mezu harrigarria iruditu zaie, baina ez oso errealista eta, gainera, oso problematikoa.

 

Oraingo honetan, planteamendu oso praktiko eta zehatza agertu dio Pedrok Jesusi; beren artean dituzten arazo batzuk konpontzen lagunduko diena: errezeloak, inbidiak, aurkaritzak, gatazkak eta hika-mikak. Nola jokatu behar dute Jesusen jarraitzaileen familia horretan? Zehazki: «Neure anaiak iraintzen banau, zenbat bider barkatu behar diot?»

 

Jesusek erantzun baino lehen, Pedro oldartsuak hartu dio aurre bere iradokizuna eginez: «Zazpi aldiz?» Proposamen hori oso zabala da, juduen gizartean arnasten den giro zorrotzaren aldean. Lege-maisuen eta esenioen taldeetan bizi ohi zutena bera baino zabalagoa, hauek gehienera lau aldiz barkatzeko eskatzen baitzuten.

 

Pedro, halaz guztiz, juduen kasuistikaren munduan mugitzen da; hartan barkazioa adiskidetasunezko konponketa arautua; talde bereko zirenen bizikidetasuna garantizatzeko irtenbidetzat emana.

 

Jesusen erantzunak beste erregistro batean jarri beharra dakar. Barkazioak ez du mugarik: «Ez dizut esaten zazpi aldiz, baizik hirurogeita hamarretan zazpi aldiz». Ez du zentzurik zenbat aldiz barkatu den kontuan emateak. Zenbat aldiz barkatu duen zenbatzen hasten dena zentzurik gabeko bidean sartuko da, Jesusen jarraitzaileen artean nagusi izan behar duen espiritua hondatzen duen bidean.

 

Ezaguna zen juduen artean Lamek-en, basamortuko legendazko heroi haren «Mendeku-kanta»; hau zioen: «Kain zazpi aldiz mendekatuko dute; Lamek, berriz, hirurogeita hamarretan zazpi aldiz». Mugarik gabeko mendeku-kultura honen aurrean, mugarik gabeko barkazioa abesten du Jesusek bere jarraitzaileentzat.

 

Oso urte gutxitan ezinegona haziz joan da Elizaren baitan, gero eta gatazka zein aurkaritza saminagoak eta mingarriagoak eragin dituena. Elkarrekiko errespetu falta, irainak eta kalumniak gero eta sarriago gertatzen dira. Inork gaitzesten ez dituela, beren burua kristautzat ematen duten taldeak internet-sareaz baliatzen dira oldarkortasuna eta gorrotoa ereiteko, beste fededun batzuen izena eta ibilbidea gupidarik gabe hondatuz.

 

Premia estukoak ditugu Jesusen lekukoak, haren Ebanjelioa hitz sendoz hots egingo eta bihotz apalez haren bakea kutsatuko dutenak. Fededunak: haren Elizan sartu den itsutasun gaixoti hori barkatuz eta sendatuz joango diren lekukoak behar ditu.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain