BIHOTZ BERRITZEKO JARRERA. J.A.Pagola
BIHOTZ BERRITZEKO JARRERA
Profeta baten haserreaz mintzo da Jesus. Jendeari eta ikasleei egin dien hitzaldia kritika gogorra da Israelgo buruzagi erlijiosoen kontra. Laurogeigarren urte inguruan idatzi zuen Mateok kristau-elizako arduradunak antzeko jokabidean eror ez zitezen.
Oroitzen ahal ditugu gaur Jesusen agiraka horiek era baketsuan, bihotz-berritzeko jarreran, polemika antzuetarako inolako asmorik gabe? Jesusen hitzak gonbita dira gotzainentzat, apaizentzat eta eliz erantzukizunen bat duten guztientzat, geure jarduerari begiratu sakon bat eman diezaiogun.
«Diotena ez dute egiten». Inkoherentzia da gure bekaturik handiena. Ez dugu bizi predikatzen duguna. Badugu botererik, baina autoritatea, izen ona falta zaigu. Geure jokabideak gezurtatzen gaitu. Gure biziera ebanjelikoagoa balitz, kristau-elkarte askotan aldatuko litzateke giroa.
«Zama astunak leporatzen dizkiote jendeari… baina berak ez daude prest, bultza egite aldera, hatz bat mugitzeko». Halaxe da. Sarritan, oso zorrotzak eta hertsiak gara besteentzat, baina ulerkor eta bihozbera geuretzat. Geure eskabideekin jende xumea estutzen dugu, baina ez diogu errazten ebanjelioa onartzea. Ez gara Jesus bezalako; bere zama arin egiten saiatzen zen hura, zeren xumea eta bihotz-apala baitzen.
«Egiten duten guztia jendeak ikus ditzan egiten dute». Ezin ukatu dugu ezen oso erraza dela geure irudia zainduz bizitzen, besteen aurrean ia beti «itxura ona» nola emango. Ez gara bizi isil-gordean ikusten duen Jainko horren aurrean. Arreta handiago ematen diogu norberaren izen onari.
«Lehen eserlekuak dituzte gustuko eta ohore-aulkiak… eta kalean agur egin diezaieten». Lotsa ematen du aitortzea, baina gustukoa dugu hori. Tratu berezia eman diezaguten nahi izaten dugu, eta ez haurride bat gehiagori bezalakoa. Ba ote da gauza barregarriagorik kristau-elkarteak begirune bereziaz eta bereiziaz tratatu dezan bila dabilen Jesusen testigu bat baino?
«Ez utzi jendeari zuei maisu deitzen… ezta gidari ere… zeren bat bakarra baita zuen Maisua eta Gidaria: Kristo». Ezin argiagoa da ebanjelioaren agindua: uko egin tituluei, Kristori itzalik ez egiteko; gidatu fededunen arreta harengana soilik. Zergatik ez du ezer egiten Elizak hainbat eta hainbat titulu, lehentasun, ohore eta dignitate behingoz ezabatzeko, Jesusen aurpegi apala eta umila argiago ager dadin?
«Ez deitu aita lurreko inori, zeren bakarra baita zuen Aita, zerukoa». Jesusek Aita titulua hain bakarra, hain sakona eta hain bihotzekoa du, non ez baitu erabili behar inork ere kristau-elkartean. Zergatik uzten dugu kontrakoa egiten?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain