EZKUTUKO ZAURIAK. J.A. Pagola
Ez dakigu haren izena. Emakume ezdeus bat da, Jesusen ondoren doan jendetza artean galdua. Ez da ausartu Jesusi hitz egitera; Jairok, sinagoga-buruak bestela egin du, eta Jesus bere etxera joatea lortu du. Emakumeak ez du izango sekula zori hori.
Inork ez daki zer den emakume bat, ezkutuko gaixotasunak joa. Lege-maisuek irakatsi diote, ezen har dezala bere burua emakume «kutsatutzat», odol-jarioa duen bitartean. Urte asko egin du sendagile baten bila, baina ezin sendatu izan du inork. Non aurki lezake duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen osasuna?
Jende askok bizi du gure artean antzeko esperientziarik. Inork ezagutzen ez duen ezkutuko zaurik apaldurik, bere «gaixotasuna» agertzeko kemenik gabe, laguntza, bake eta kontsolamendu bila dabil, non aurkitu ez dakiela. Errudun sentitzen du bere burua, askotan biktima huts delarik.
Jende ona: aldarean Kristo hartzera hurbiltzeko ezgai sentitzen dena; kristau jainkozaleak: modu gaixotian sufrituz bizi izan direnak, sexuari dagokion guztia lohia, umiliagarria, bekatuzkoa dela irakatsi izan zaielako; fededunak: bizitzaren azkenean, ustez sakrilego izan diren aitortzeen eta jaunartzeen kate luzea nola hautsi ezin asmatu dutenak… Ez ote dute iritsiko inoiz bake hori?
Kontakizunaren arabera, gaixo den emakumeak «Jesusez hitz egiten entzun dio» jendeari, eta uste du, ezen bere gorputzetik eta bizitza osotik «kutsadura» atera dezakeen norbaiten aurrean dela. Jesus ez da mintzo ez duintasunaz, ez duintasun-ezaz. Maitasunaz mintzo da haren mezua. Indar sendatzailea dario hari.
Bere bidea bilatu du emakumeak Jesusekin topo egiteko. Ez du kemenik Jesusi begietara begira jartzeko: atzetik hurbildu zaio. Lotsa da bere gaixotasunaz hari hitz egiteko; ezkutuka joan da harengana. Ezin ukitu du fisikoki: gainjantzia ukituko dio soilik. Ez du axola. Ez du batere axola. Bere burua garbi sentitzeko, aski du Jesusekiko konfiantza handi hori.
Jesusek berak esan dio hori. Emakume honek ez du zertan lotsatu inoren aurrean. Egin duena ez da gauza txarra. Fede-ekintza da. Bere bideak ditu Jesusek ezkutuko zauriak sendatzeko, eta bere bila dabiltzanei hau esateko: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasunez».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain