Mikel Azpeitia Sarrerak Arratia Eleiza  

Garizumako 3 domekarako gogoeta. Mikel Azpeitia

GARIZUMAKO III. DOMEKEA /A

HOMILIA

Senideok: gaurko domeka honegaz Garizuman ondo sartuta gagozala esan behar dogu, eta domeka honetako gaia bizitzaren iturria edo bizitz-egarria dala esango geuke. Zeozertxo daukagunok gauza edertzat daukagu bizia; behar bada, ez da gauza bardina jazoten txirokeria gorrian dagozanekin edo zorrez beterik, osatu ezineko gaixotasunez edo beste oinazez dagozanekin. Galdetu deiogun, ba, geure buruari, lehenengo ta behin, ea maite dogun bizia; ea biziaren egarriz eta errespetuz bizi garen; eta ea zenbateraino maite dogun geure bizia: bera luzatzearren edozer emoteko (baita inor hilteko ere), edo geurea inoren alde emoteko. Gure bizia maite badogu geurea inoren alde emoteko gertu egoteraino, ez gara egongo gaurko irakurgaiak ulertzetik urrun; eta gainera, adoregarri izango ditugu.

Israel zaharra, Ejiptoarren esklabu zana, lanaren zamapean, askatasunaren egarri zan, eta dei egiten eutson bere Jainkoari. Baina askatasuna garestia da: egunero landu behar da; egunero lortu behar da; egunero errespetatu behar da; eta eguneroko zeregin batek laster nekatzen gaitu. Noraino, gainera! Askatzaile lez ezagutu daben Jainkoa iraintzeraino! Maite dau herri honek askatasuna? Maite dau bizia? Ala erosokeria, komodidadea, maite dau? Berea beste batek egitea? Ezelango arazorik ez izatea? Zer da benetan maite dauana? Zenbat bider gagozan geu ere egoera bardinean, dana diruaren truke lortuko dogulakoan. Eta ezin dogula konturatzen garanean, geure mugak onartu beharrean, Jainkoa iraindu! Ai konturatuko bagina San Paulok esan deuskunaz: “Honetan erakusten dau Jaungoikoak guretzat dauan maitasuna: gu pekatariak ginala, Kristo gure alde hil zan-eta.”

Senideok: hainbeste gauzak, egoerak eta zaharkeriak eragozten deusku Jainkoagandiko bizia, bizi barria ta betea, nahi izatea. Ikusi daigun hori gaurko ebanjelioan (hain aberatsa dogun ebanjelio txatal honetan!).

Samariar emakumea, izen barik agertzen denez, Samaria osoaren ezaugarri da, adituen ustez. Jesus, ba, Samaria osoagaz dago alkarrizketan. Judeguentzat —eta ebanjelari honek irudipean dinosku guzti hau— Samaria jentil herria zan, emagaldua lakoa, eta benetako kultutik aldendua… Eta bai judeguak eta baita Samariarrak ere, euren tradizinoari loturik bizi dira: hareek Jerusalengo Jauretxea dabe; honeek Jakoben ur osina (putzua). Judeguek, ostera, ortodoxian (zuzentasunean) eurak egozala-ta, beste guztiak gorrotatzen zituen, Jesus berbera ere! (Ezagutzen ete dogu holangorik gaur ere, eta geure inguruan?). Baina Samariar jentilak gertu dagoz euren jentilkeriatik urteteko, Mesiasi harrera on eginez: Mesiasen zain dagozalako!

Hona hemen, ba, senideok, laburrean, gaurko liturgiaren esangurea: Egarri da Jesus; baina benetako biziaren egarri; berak dakarren benetako bizia emoteko, erregalatzeko, ezerezen truke emoteko egarri. Eta bera hurreratzen da edozeinengana, danik baztertuena izan arren, danik pekatariena izan arren, danik emagalduena izan arren…; harrera ona, besterik ez dau eskatzen. Alperrik ibiliko gara bizi bila tradizinoetan, kultuan, ortodoxian, eta geure buruak zuritu nahian… Biziaren grazia Jesusek baino ez dauka. Eta bizi hori lortzeko ez da aparteko ahaleginik egin behar; itxurakerietatik urten, ziurkeria batzuk laga, kultu-itsukeriak ta gorreriak bertan behera laga eta, Jesusi harrera on eginez, bere jarraitzaile bihurtu. Samariarrek esandakoa esan geike orduan geuk ere: “Orain ez dogu zuk esan dozunagaitik sinisten; geuk entzun deutsagu eta badakigu Berau dana benetan munduaren Salbatzailea.”

Jesusi egin behar deutsagun harrerea, ba, senideok, ez da egia batzuk autortzea, edo betekizun batzuk betetea, edo inori kalterik ez egitea, edo halantxe ikasi dogula-ta, edo esan deuskuela-ta hortxe irautea. Jesusi harrera egitea, geuk geurez Jesus autortzea da, eta bere bizikerea, Aitaren esaneko bizikerea, geure bizikera bihurtzea. Orduan bai maite izango dogula benetako bizia; bizia errespetatzen dauan bizikerea eta bizia emoteko, ez kentzeko, prest dagoan bizia. Eta merezi dau.

OTOITZA

Ura! Zein gauza ederra dan ura!
Baina gure artean gitxi estimatua.
Eta bera behar danok, bizi izango bagara!

Horixe da Sinismena:
ederra, eta gitxi estimatua;
eta beharrezkoa sakoneko bizikerarako.

Jesusegazko alkarrizketan lortzen da:
ez da egia batzuk buruan erabiltea,
edo errezu batzuez Jainkoa menpe jartzea.

Jesusegaz topo egiten dauanari
ur jarioak lez sortzen jako barruko bizitzea,
betikoraino irauten dauana.

Emoiguzu, Jauna, zeure uretik,
sakoneko bizitzaz bizi izan gaitezan
alkarren errespetuz eta zerbitzari.