Jainkoaren eskuetan. Hildako fededun guztien oroipena. J.A. Pagola
JAINKOAREN ESKUETAN
Gaur egungo jendeak ez dakigu zer egin heriotzarekin. Batzuetan, otu ohi zaigun gauza bakarra, ezikusiarena egitea izan ohi da, eta hura aipatu ere ez egitea. Ahalik eta lasterren ahaztu gertaera triste hori, bete joan etorri erlijioso eta zibilak eta eguneroko bizitzara itzuli.
Alabaina, goiz edo berandu, berriro etorri ohi da heriotza bisitan, gure etxekorik maiteenak hartzera. Nola erreakzionatu orduan geure ama bere egin duenean betiko? Zein jarrera izan bere azken agurra esan digun senar maitearen aurrean? Zer egin hainbat adiskidek geure bizitzan uzten diguten zuloaren aurrean?
Pertsona bakoitza bakarka lekualdatzen duen atea da heriotza. Atea ixtean, betiko ezkutatu ohi zaigu hildakoa. Ez dakigu jada zertan den joan zaiguna. Pertsona maite eta hurbil hori Jainkoaren misterio atzeman ezinekoan ezkutatu da. Nola izan harremanik harekin?
Jesusen adiskideok ez gara mugatzen, heriotza-gertaeraren aurrean pasiboki gelditzera. Kristo berpiztuagan konfiantza dugula, maitasunez eta otoitz eginez jarraitzen dugu haren lagun Jainkoarekiko topo egite misteriotsu horretan. Hildakoen kristau-liturgian ez dago atsekabe itsurik, kontrajartze bortitzik, etsipenik. Soil-soilik, konfiantzazko otoitz hau erdi-erdian: «Zure eskuetan, Aita onbera, jartzen dugu gure lagun maite honen bizia».
Zein zentzu izan dezakete gaur egun hileta horiek, zeinetan heriotzaren aurrean sentimen desberdinak ditugun jendea biltzen baikara? Zer egiten ahal dugu denok batean: fededun, ez hain fededun, fededun eskas, fedegabe?
Azken urte hauetan, asko aldatu gara barnez. Kritikoago gabe, baita hauskorrago eta zaurigarriago ere: sinesgabeago gara, baita ziurtasun gabeago ere. Ez dugu gauza erraza sinestea, baina zail dugu ez sinestea ere. Dudaz eta ziurtasunik gabe bizi gara, baina ez gara gai esperantza aurkitzeko.
Batzuetan, hileta batera joaten garenean, guztiok egin dezakegun zerbait egitera gonbidatu ohi dut jendea, nor bere fede koskorrez. Pertsona maiteari geure barnetik esatera hitz batzuk, harekiko maitasuna agertuz eta Jainkoari dei apal bat eginez:
«Zeure lagun maite zaitugu orain ere, baina ez dakigu jada zurekin nola topo egin, ezta zer egin ere zugatik. Ahula dugu gure fedea, eta ez dakigu nola egin otoitz egoki. Baina Jainkoaren maitasunaren eskuetan jarri nahi zaitugu, haren eskuetan utzi nahi zaitugu. Leku seguruagoa duzu gaur Jainkoaren maitasun hori, guk eskaintzen ahal dizuguna baino. Goza dezazula bizi bete-beteaz. Guk zu maitatzen jakin ez dugun moduan maite zaitu Jainkoak. Egun batean berriro dugu ikusiko elkar».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain