JESUS AINTZAKOTZAT HARTU
Filiporen Zesareako pasadizoak erdigunea hartzen dut Markosen ebanjelioan. Alditxo bat elkarrekin bizi ondoren, galdera erabakitzailea egin die Jesusek ikasleei: «Zein naizela uste duzue?» Guztien izenean, Pedrok erantzun dio inolako dudarik gabe: «Mesias zara zu». Noizbait ere, badirudi dena argi dagoela. Jainkoak bidali duen Mesias da Jesus eta ikasleak jarraitzaile ditu harekin lan egiteko.
Baina Jesusek badaki gauza ez dela horrela. Garrantzizko zerbait ikastea falta zaie oraino. Aise egiten dute Jesus hitzez aitortzea, baina oraino ez dakite zer den hari hurbiletik jarraitzea, haren egitasmoan eta zorian parte hartuz. Hona zen dioen Markosek: «haiei irakasten hasi zen» Jesus. Ez da ohiko irakaspen bat; zerbait funtsezkoa da, ikasleek pixkana beretu beharko dutena.
Hasieratik «argi eta garbi» mintzo zaie. Ez die ezer ezkutatu nahi. Jakin behar dute ezen sufrimendua bidelagun izango duela beti Jainkoaren erreinuaren bidea urratzeko bere eginkizunean. Azkenean, buruzagi erlijiosoek kondenatu egin dute eta indarrez hilko. Berpiztuko denean bakarrik ikusiko da Jainkoa berekin duela.
Pedrok aurka egin du entzuten duenaren aurrean. Sinetsezina da haren erreakzioa. Jesus berekin hartu eta aparte eraman du «errieta egiteko». Lehenengoa izan zen Jesus Mesiastzat aitortzeko. Orain, lehenengoa da hari uko egiteko. Jesusi ulertarazi nahi dio ezen esaten ari dena zorakeria dela. Ez dago prest bide horri jarraitzeko. Jesusek aldatu beharra du pentsaera hori.
Inork uste ez bezain zakar erreakzionatu du Jesusek. Bat-batean, Satanasen zantzuak ikusi ditu Pedrogan, jendea Jainkoaren borondatetik apartarazi nahi lukeen basamortuko tentatzailearen zantzuak. Ikasleei begira jarri eta hitz hauekin egin dio Pedrori agirika: «Jar zaitez nire atzealdean, Satanas»; har ezazu zeure lekua ikasle bezala. Utziozu ni tentatzeari. «Gizakiek bezala duzu pentsatzen, eta ez Jainkoak bezala».
Ondoren, jendeari eta ikasleei dei egin die, bere hitzak ondo entzun ditzaten. Okasio askotan errepikatuko ditu. Ez dituzte ahaztu behar sekula. «Nirekin etorri nahi duenak, uko egin diezaiola bere buruari, har dezala bere gurutzea eta jarrai diezadala».
Ez da derrigorrezkoa Jesusi jarraitzea. Norberaren esku dago erabakia. Baina Jesus aintzakotzat hartzekoa da. Ez dira aski aitorpen erraz batzuk. Mundua gizatasun handiagoko, duinago eta zoriontsuago egiteko bere zeregin zoragarrian jarraitu nahi badiogu, prest egon behar dugu bi gauza hauetarako. Lehenik, prest egon Jainkoaren erreinuaren kontrako diren egitasmo edo planei uko egiteko. Bigarren, Jesusi jarraitzeagatik eta haren asmoarekin bat egiteagatik etor dakizkigukeen sufrimenduak onartu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain