Sarrerak Arratia Eleiza  

JESUS ERAKARGARRI. J.A. PAGOLA

Juduen Pazkoa ospatzera etorriak diren erromes greziar batzuk Feliperi hurbildu zaizkio, eskean: «Jesus ikusi nahi genuke». Ez da ikusmina. Jainkoaren gizon horregan nabari duten misterioa sakon ezagutu nahia da. Berei ere on egin diezaieke.

 

Kezkaturik ageri da Jesus. Egun batzuk barru gurutzean josiko dute. Erromes greziarren gogoa jakitera eman diotenean, hitz nahasgarriak jaulki ditu: «Iristear da Gizonaren Semea aintzatua izango den ordua». Gurutzean josiko dutenean, guztiek ikusi ahal izango dute zertan den haren egiazko handitasuna eta aintza.

 

Segur aski, inork ez dio ezer ulertu. Baina Jesusek, izango duen hiltzeko era gogoan duela, gehiago dio: «Lurretik gora jasoa izango naizenean, guztiak neuganantz erakarriko ditut». Zer du gurutziltzatu horrek, ezkutuan, jendea erakartzeko ahalmen hori izateko? Gauza bat soilik: guztientzat duen maitasun sinetsezina.

 

Ikusezina da maitasuna. Soilik, maite gaituen keinuetan, seinaleetan, buru-eskaintzan suma dezakegu. Horregatik, Jainkoaren maitasun atzemanezina suma dezakegu Jesus gurutziltzatuagan, egin duen buru-eskaintzan. Egia esan, Jesusek erakartzen gaituela sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara kristau izaten. Soilik, Jainkoak maite gaituena sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara fedeaz zer edo zer ulertzen.

 

Jesusek, gurutzeko heriotzan ezkutuan den indarra argitzeko, guztiek ulertu ahal dugun irudi xume hau darabil: «Gari-alea lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor geldituko da; baina, hiltzen bada, fruitu asko emango du». Hiltzen bada, erne eta bizia sorrarazten du aleak; baina, bere azalean bildurik, bere bizi-indarra beretzat gordetzen badu, agor geldituko da.

 

Bizitza osoa misterioski biltzen duen legea agertzen digu irudi eder horrek. Ez da arau morala. Ez da erlijioak ezarritako legea. Maitasunak eraginda sufritzen ari denaren bizitza emankor bihurtzen duen dinamika da. Jesusek behin eta berriz errepikatu izan duen ideia da. Bere bizitzari era egoistan atxikitzen zaionak galbidean jartzen du; eskuzabal ematen dakienak bizi gehiago sorrarazten du.

 

Ez da zaila hori egiaztatzea. Buruan bere ongizatea, bere dirua, bere arrakasta, bere segurtasuna bakarrik duen pertsonak bizitza erdipurdikoa eta agorra eginez bukatzen du: halakoak, mundu honetan biziz, ez dio gehitzen bizitzari gizatasun-apur bat ere. Alderantziz, jarrera irekiz eta bihotz zabalez bizitzera arriskatzen denak, bizia zabaltzen du, poza distiratzen, bizitzen laguntzen. Ez da bizitzeko modu kilikagarriagorik, gainerakoen bizitza gizatasun handiagoko eta eroangarriago egitea baino. Nolatan Jesusi jarraitu, haren bizi-estiloa erakargarri sentitzen ez badugu?

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain