Sarrerak Arratia Eleiza  

Jesusen etxea. J.A. Pagola. Abendualdiko 1 domeka

JESUSEN ETXEA

 

Jesus Jerusalemen dago, Oliamendin eseria, Tenplura begira eta lau adiskiderekin, bakarrik, solasean: Pedro, Santiago, Joan eta Andres. Kezkaturik nabari ditu, aldien azkena noiz izango den. Berari, berriz, besterik zaio axola: nola biziko diren bere jarraitzaileak bera beren artean ez dutenean izango.

 

Horregatik, beste behin agertu die bere kezka: «Kontu egizue, bizi esna». Ondoren, ikusle apokaliptikoen hizkuntza ikaratzailea alde batera utzirik, parabola labur bat kontatu die, kristauentzat ia oharkabeko gertatu izan dena.

 

«Jaun bat bidaiari joan zen, etxea utzirik». Baina alde egin aurretik, «bere morroietako bakoitzari bere egitekoa gomendatu zion». Agur egitean, gauza bat azpimarratu zien: «Egon erne, ez baitakizue etxejabea noiz etorriko den». Etortzean, ez zaitzatela lo aurkitu.

 

Kontakizunak iradokitzen du ezen Jesusen jarraitzaileek familia bat osatzen dutela. «Jesusen etxe» izango Eliza, eta «Israelen etxea» ordezkatuko du. Elizan denak dira zerbitzari. Ez da jaunik. Denak biziko dira etxeko Jaun bakarraren zain: Jesus Kristoren zain. Ez dira ahaztuko sekula hartaz.

 

Jesusen etxean ezin da inor alfer egon. Inork ez du sentitu behar bere burua zokoratua, inolako erantzukizunik gabe. Guztiak dira premiazko. Guztiek dute egitekoren bat, Jesusek emana. Guztiak dira deituak zeregin handira Jesus bezala bizitzeko, zeina Jainkoaren erreinuari emanik ikusi baitute.

 

Urteak igaroko dira. Bizirik eutsiko ote diote Jesusen espirituari haren jarraitzaileek? Premiarik handiena dutenentzat eta ezgaituenak direnentzat hark bizi izan duen zerbitzu-espirituari gogoan eutsiko ote diote? Hark urratu duen bideari jarraituko ote diote? Haren kezka nagusia Eliza lokartuko ote den izan da. Horregatik, hiruraino errepikatu die: «bizi zaitezte esna». Ez da momentuan entzuten ari diren lau ikasleei egindako gomendioa, baizik eta aldi guztietako fededunei emandako agindua: «Zuei esaten dizuedana, jende guztiari diot esaten: egon esna».

 

Eliza bertan behera utzi ez duten kristauen ezaugarririk orokorrena pasibotasuna da segur aski. Mendetan hezi ditugu fededunak menpeko eta esaneko izatera. Jesusen etxean gutxi batzuek soilik sentitzen dute gaur egun eliz erantzukizunen bat dutela.

 

Iritsia da erreakzionatzeko unea. Ezin jarraitu dugu «agintzen dutenen» eta «obeditzen dutenen» arteko aldea oraino handiago egiten. Hoztasuna, elkar zokoratzea edo pasibotasuna sustatzea bekatua da. Guztiok esna ikusi nahi gintuen Jesusek, guziok eginkor, argi eta erantzukizunez auzolanean.