JESUSEN HASARREA. Pagola
JESUSEN HASARREA
Ikasleak lagun dituela, Jesus Jerusalemera igo da lehenengoz, Pazko-jaiak ospatzera. Tenpluaren ingurura iristean, ezusteko baten aurrean gertatu da. Idi, ardi eta uso-saltzaileak ari dira erromesei animaliak eskaintzen, Jainkoaren ohorez opari egiteko behar dituztenak. Baita diru-trukatzaileak ere, beren mahaian eseririk, apaizek onartzen duten moneta ofizial bakarraren eta moneta paganoaren kanbioarekin trafikatzen.
Sutan jarri da Jesus. Kontalariak era grafikoan adierazi du Jesusen erreakzio hori: zigor batez leku sakratutik kanpora bota ditu animaliak, trukatzaileen mahaiak irauli ditu monetak lurrera botaz, eta oihuka esan du: «Ez bihurtu merkatu ene Aitaren etxea».
Arrotz sentitu da Jesus leku hartan. Bere begiz ikusi duenak ez du ezer ikustekorik Aitari eman beharreko egiazko kultuarekin. Tenpluko erlijioa negozio bihurtu dute, zeinetan apaizek sarrera ona bilatzen baitute eta erromesek Jainkoa «erosi» nahi baitute beren eskaintzekin. Jesusi, segur aski, Oseas profetaren hitzak etorri zaizkio gogora, bere bizitzan behin eta berriz errepikatu dituenak: «Hona zer dioen Jainkoak: Maitasuna nahi dut nik eta ez opariak».
Tenplu hura ez da Jainko Aitaren etxea, guztiak anai-arreba bezala biltzen diren etxea. Jesusek ezin ikusi du han bere jarraitzaileekin eratuz joan nahi duen «Jainkoaren familia». Hura ez da merkatua baizik, non bakoitzak bere negozioa egin nahi baitu.
Ez pentsa Jesus erlijio primitibo bat, gutxi garatua, kondenatzen ari denik. Sakonagoa da haren kritika. Jainkoa ezin izan da probetxuz eta egoismoz ehotako erlijio baten babesle eta estaltzaile. Aita da Jainkoa, eta eman dakiokeen kultu bakarra, giza elkartea solidarioago eta haurrideago egiten saiatzen den hura da.
Kasik konturatu gabe, guztiok bihur gaitezke gaur egun «saltzaile eta trukatzaile», nork bere probetxua bilatuz baizik bizitzen ez dakigula. Mundua merkatu handi bihurtzen ari gara, non erostea eta saltzea baita arazo guztia; Jainkoaren Misterioaren erlazioa bera ere merkatu-ikuspegiz bizitzeko arriskua dugu.
Guztiok «Aitaren etxean» gaudela sentitzeko moduko gune bihurtu behar ditugu geure kristau-elkarteak. Etxe onargarri eta beroa, inori ateak ixten ez dizkiona, inor baztertzen eta bereizten ez duena. Etxe bat, non Jainkoaren seme-alabarik ezinduenaren sufrimenduari entzuten ikasten baitu, eta ez norberaren probetxua bakarrik. Etxe bat, non Aitari bezala deitzen ahal baitiogu Jainkoari, haren seme-alaba garela sentitzen dugulako eta anai-arreba bezala bizitzen saiatzen garelako.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain