Sarrerak Arratia Eleiza  

JESUSEN MAITATZEKO ERA. J.A. Pagola

 

 

Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Biziki maite izan ditu. Aitak bera maite izan duen maitasun beraz maite izan ditu. Haiek utzi beharra etorri zaio orain. Ez dakite elkar maitatzen. Beren artean ezbaian ikusi ditu lehen jarlekuen bila. Zer izango ote haietaz?

 

Jesusen hitzek tonuera jasoa dute. Guztien bihotzean ondo ezarriak gelditu behar dute: «Hona nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek ez du nahi bere maitatzeko era ikasleek gal dezaten. Egunen batean ahazten badute, ezin hartuko ditu inork Jesusen ikasletzat.

 

Ezabaezineko oroitzapena gorde zuten. Honela laburtu zuten haren bizitza lehen belaunaldiek: «Alde guztietan on eginez igaro zen». Gauza ona zen harekin topo egitea. Jendearen ongia bilatu zuen beti. Nola bizi irakasten zuen. Berri On izan zen haren bizitza. Jainkoaren hurbiltasuna suma zitekeen haren baitan.

 

Nahastezineko era du Jesusek maitatzean. Oso sentibera da jendearen sufrimenduaren aurrean. Ezin jiratu da beste aldera norbait sufritzen ikustean. Behin batean Naingo herrixkan sartzean, lur emate batekin egin du topo: emakume alargun bat bere seme bakarrari lur ematera doa. Barru-barrutik jaio zaio Jesusi ezezagun harenganako maitasuna: «Emakume, ez negar egin». Jesusek bezala maite duena, sufrimena nola arinduko bizi ohi da eta malkoak nola lehortuko.

 

Ebanjelioek une askotan gogoratzen dute nola atzematen zuen Jesusek bere begiez jendearen sufrimena. Halakoei begira jarri eta hunkitu egiten zen: sufritzen sumatzen zituen, edo lur jota, edo artzainik gabeko ardi bezala. Berehala, gaixoenak sendatzeari ekiten zion edota bere hitzaz elikatzera. Jesusek bezala maite duenak, jendeari aurpegira errukiz begiratzen ikasten du.

 

Miresgarria da Jesusen prestasuna jendeari on egiteko. Ez dago bere buruari begira. Edozein deiri egiten dio kasu, beti ahal duena egiteko prest. Bidean doala eskale itsu batek errukitzeko eskatu dionean, hitz hauekin egin dio harrera: «Zer nahi duzu nik zuri egitea? Jarrera horixe izan ohi du bizitzan, Jesusek bezala maite duenak. 

 

Badaki Jesusek ezindu handienen ondoan egoten. Ez du beharrik ezer eska diezaioten. Ahal duena egiten du haien oinazea sendatzeko, haien kontzientzia askatzeko edota Jainkoarekiko konfiantza kutsatzeko. Baina ezin konpondu ditu jende haren arazo guztiak.

 

Hargatik, ontasun-keinuak egiten ditu: kaleko haurrak besarkatu: ez du inor ikusi nahi umezurtz; gaixoak bedeinkatu: ez du nahi Jainkoak utzi dituenik senti dezaten; lepradunen azala ferekatu: ez du nahi bazter utziak direnik pentsa dezaten. Horrelakoak dira Jesusek bezala maite duenaren keinuak.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain