ZERUA SINETSI. Domu santu eguna. J.A. Pagola
ZERUA SINETSI
Santu Guztien kristau-jai honetan hau agertu nahi dut: betiko biziaz dudan fedearen ezaugarri batzuk nola hartzen ditudan eta nola ahalegintzen naizen haiek bizitzen. Kristo ezagutzen eta hari jarraitzen dionak ulertuko dit, nik uste.
Zerua sinestea niretzat, uste hau ezin onartu ahal izatea da: bizitza hau gutako bakoitzarentzat bi hutsune izugarri handiren arteko parentesi koxkor bat besterik ez dela. Jesus sostengutzat hartuz, barruntatzen dut, sumatzen dut, desiratzen eta sinesten dut ezen Jainkoa bere egiazko betera bideratzen ari dela kreazioak eta gizadiaren bihotzak beren baitan bizi duten biziaren, zuzentasunaren eta bakearen desira.
Zerua sinestea niretzat, neure indar guztiaz kontra altxatzea da: gizonezkoen, emakumeen, haurren gehiengo handi hori, bizitza honetan soilik miseria, umiliazioa eta sufrimena ezagutu duen hori, betiko ahaztua izango delakoaren kontra altxatzea. Jesusen baitan dudan konfiantzaz, bizitza bat sinesten dut zeinetan ez baita izango pobreziarik eta oinazerik, inor ez baita izango triste, inork ez baitu izango zertan negar egin. Azkenean beren aberrira iristen ikusi ditut itsas txaneletan datozenak.
Zerua sinestea niretzat, hainbat eta hainbat jenderengana hurbiltzea da: osasunik gabe, gaixo kroniko, elbarri fisiko eta psikiko, depresioan eta larritasunean murgildurik, bizitzeaz eta borroka egiteaz asperturik den jenderengana hurbiltzea. Jesusi jarraituz, sinesten dut ezen egun batean ezagutuko dutela zer den bakean eta guztiz osasuntsu bizitzea. Entzungo diotela Aitari esaten: Sar zaitez zeure Jaunaren gozamenean betiko.
Ezin dut ulertu Jainkoa «Jainko ezkutua» izango delakoa betiko; haren begitartea, samurtasuna eta besarkada sekula gozatuko ez dugulakoa. Ezin zait burutik pasatu Jesusekin sekula topo egingo ez dudalakoa. Ezin dut ulertu mundua gizatarragoa eta zoriontsuagoa bihurtzeko egin den hainbat eta hainbat ahalegin hutsean geldituko delakoa. Nahi dut ezen egun batean azkenak lehenengo izan daitezen eta prostituituak geure aurretik izan ditzagun. Nahi ditut ezagutu erlijio guztietako eta ateismo guztietako egiazko santuak, anonimatuan eta ezer espero gabe bizi izan direnak.
Egun batean entzun ahal izango ditugu hitz sinetsezin hauek, Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan ezarri dituen hauek: «Egarri izango denari, doan emanen diot nik bizi-iturritik edatea». Doan! Merezimendurik gabe. Horrela aseko du Jainkoak gu baitan den bizi-egarria.
Jose Antonio Pagola