Sarrerak Arratia Eleiza  

EBANJELIZAZIO BERRIA. J.A. Pagola

 

 

Ebanjelizazio berri baten premia sentitzen dugu gaur egun Elizan. Zer izan daiteke, ordea? Zein izan daiteke berritasuna? Zer behar dugu aldatu? Zein izan zen egiaz Jesusen asmoa, ikasleak bere ebanjelio-eginkizuna luzatzera bidali zituenean?

 

Markosen kontakizunak argi uzten du Jesus bakarrik dela haren jarraitzaileen egintza ebanjelizatzailearen iturria, inspiratzailea eta eredua. Jesusen aginpidez jardungo dute jarraitzaileek. Ez dute ezer egingo beren izenean. Jesusen «bidaliak» dira. Ez dira izango beren buruaren predikari: Jesusen Ebanjelioa hots egingo dute, soilik. Ez dute izango beste interesik: soilik, Jainkoaren erreinuari bideak urratzeari emanak biziko dira.

 

«Ebanjelizazio berri» bat eragiteko era bakarra Jesusekiko lotura hau garbitu eta indartzea izango da. Ez da izango ebanjelizazio berririk, ez badago ebanjelizatzaile berririk, eta ez da izango ebanjelizatzaile berririk, ez badago Jesusekin harreman biziagorik, argiagorik eta suharragorik. Hura gabe, munduan haren Espiritua sartu ez beste edozer gauza egingo dugu.

 

Bidali dituenean, Jesusek ez ditu utzi ikasleak beren indarraren baitan. «Bere aginpidea» eman die; ez da, ordea, gainerakoak kontrolatzeko, gobernatzeko edo dominatzeko boterea, baizik «espiritu lohiak bota» ahal izateko bere indarra da, jendea askatzen duena pertsona eta gizartea esklabutzen, estutzen eta gizatasuna kentzen duen orotatik.

 

Ikasleek oso ondo dakite zer dien Jesusek gomendatu. Ez dute ikusi hura sekula inor mendean hartzen. Beti ezagutu dute zaurituak sendatzen, sufrimendua arintzen, bizitza eraberritzen, beldurretik liberatzen, Jainkoaganako konfiantza kutsatzen. «Sendatu» eta «liberatu» dira lehenengo egitekoak Jesusen jardueran. Horrek guztiak errotik aldatuko luke gure ebanjelizazioaren aurpegiera.

 

Premiazkoa berekin dutela bidali ditu ebanjelizatzera. Markosen arabera, «makila, sandaliak eta tunika bat» eramango dute soilik. Ez dute beste ezeren beharrik funtsezkoaren lekuko izateko. Aske eta loturarik gabe ikusi nahi ditu Jesusek; beti prest, ongizateari lotu gabe; Ebanjelioaren indarrean fidaturik.

 

Ebanjelio-jarrera hau berreskuratu ezean, ez da izango ebanjelizazio berririk. Garrantzizkoa ez da jarduera eta estrategia berriak abian jartzea, baizik eta alde batera uztea ohiturak, egiturak, mirabetzak, Ebanjelioaren funtsa egiaz eta xume kutsatzeko aske izatea eragozten diguten neurrian.

 

Elizak galdu egin du Jesusek iradokitzen duen bidari-estilo hau. Eta bidari nagi eta astun bihurtu da Eliza. Ez da gai gizadiari lagun egiteko. Ez dugu zalutasunik kultura batetik bestera igarotzeko. Izan dugun botereari eutsi nahi diogu. Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duten interesetan katramilatu gara. Bihotz-berritu beharra dugu.

 

José Antonio Pagola

Itzultzailea: Dionisio Amundarain