Mikel Azpeitia Sarrerak Arratia Eleiza  

Andra Maria egunerako gogoeta Mikel Azpeitiak eskeinia

IRUZKINA

    Senideok: Hemen gagozanok, nagusiak gara-ta, Mariaren irudia apainduriazko berba gozo eta ahaltsuz goraltzen ezagutu dogu. Aldi haretan nahinon ospatzen ziran «maiatzeko lorak«, edo «hilaren lehenengo zapatuak«, «Mariaren alaba» taldeak, eta zelango olerkiak neskatxa Jaunartu barrien ahotan!… Gaur hainbatek ditue gogoan eta amesten dabez hareik aldiak, eta oneraspenak.

    Baina beste hauxe ere badakigu: Krisi aldietan iturrietara jo behar dala, orbelak baztertuz, enborrari eusteko; hazurrak kenduz, maminagaz geratzeko.

    Ba, egia bada maite dogula Maria, eta, biziaren iturburu dan Jainkoaganako ibilbidean, bidelagun gura dogula, gogoan hartu geikez Isabel ahaideak luzatzen deutsozan berba gozoak: «Zorionekoa zu, sinistu dozulako!»; eta baita geure erantzun bihurtu geike Mariak Aingeruari emondakoa: «Hona hemen Jaunaren mirabea!»

    Zer esan gura dauan honek? Apaingarri goragarri hutsak bertan-behera itxi eta, Mariaren antzera, gure uste on osoa (konfiantzea) Jainkoagan jartea; eta zerbitzuak hartzera barik, zerbitzatzera urtetea, Jainkoak egin deuskun bizitza erregalu hau eskertzeko bide lez. Ziurtasun honexetan oinarrituta: Jainkoak berak osotuko dauala gure bizitza hau, egun baten, gaur Mariarena osotu dauan lez. Halantxe ospatzen dogu Jainkoaren aintza betean.