Sarrerak Arratia Eleiza  

PIZTU FEDE AHITUA. J.A.Pagola

PIZTU FEDE AHITUA

 

Lehen kristau-belaunaldia konbentziturik bizi izan zen Jesus, Jaun berpiztua, laster batean itzuliko zela biziaz blai. Ez zen, ordea, horrelakorik izan. Pixkana, Jesusen jarraitzaileek prestatu beharra izan zuten luzaro zain-zain bizitzeko.

 

Ez da zaila irudikatzea buruan sortuko zitzaizkien galderak. Nola eutsi bizirik hasiera hartako espirituari? Nola bizi esna Jauna etorri arte? Nola elikatu fedea itzaltzen utzi gabe? Eztei batean gertatuaz Jesusek esandako kontakizun batek erantzuna asmatzen lagundu zien.

 

Hamar neskatilak, andregaiaren adiskidek, beren argi-ontziak piztu zituzten eta senargaiari harrera egiteko prestatu ziren. Ilunabarrean, senargaia andregaia hartzera iritsiko denean, biei lagunduko diete senargaiaren etxera eramango dituen segizioan, han ospatuko baita eztei-otordua.

 

Bada xehetasun bat narratzaileak hasieratik nabarmendu nahi izan duena. Neskatilen artean bost zentzudunak dira eta oso begiratuak; berekin hartu dute olioa argiontziak elikatzeko su-lama beheratu ahala. Beste bostak tuntunak dira eta axolagabeak; ahaztu egin dira olioa hartzeaz, argi-ontziak itzaltzeko arriskuarekin.

 

Laster jabetuko dira beren okerraz. Senargaia atzeratu egin da eta ez da iritsi gauerdia arte. Harrera egitera joateko deia entzun dutenean, zentzudunek elikatu dute nork bere argi-ontziko su-lama olioz, eta lagun egin diote senargaiari jai-gelara sartuz. Tuntunek ez dakite zer egin, lantuka hasi baizik: «Itzaltzen ari zaizkigu argi-ontziak». Olio bila joan direlarik, eztei-gelara iritsi dira baina atea itxia dago. Beranduegi.

 

Iruzkingile askok olioaren sinboloari ezkutuko esanahi bat bilatu nahi izan dio. Berotasun espiritualaz mintzo ote da Jesus?, maitasunaz?, bataioko graziaz?… Agian, sinpleagoa da haren desira handia gogoratzea: «Lurrera sua ekartzera etorri naiz, eta zer nahi izan nezake erre dadin baizik?» Gure fedea gehiago esnatzeko, ba ote da ezer hoberik Jesusekin harreman biziak izatea baino?

 

Ez ote da zozokeria handia fede ahitua gorde nahi izatea, Jesusen suaz ez bada? Ez ote da kontraesan bat kristau garela uste izatea, haren egitasmoa ezagutu gabe eta haren bizierak erakartzen gaituela sentitu gabe?

 

Zorrotz, kalitate berri bat ezarri beharra dugu harekiko harremanei. Zaindu beharra gure bizitzaren erdigunean hura bera jartzen lagunduko digun guztia. Energiarik ez galtzea haren Ebanjeliotik zabartzen eta urruntzen gaituen ezertan. Igandero geure fedea harrotzea Jesusen hitzak hausnartuz eta biziro harekin bat eginez. Ezin eraldatu ditu inork ere gure kristau-elkarteak Jesusek bezala.