Sarrerak Arratia Eleiza  

Kristo Errege. Mikel Azpeitiaren homilia

«KRISTO, ERREGE»

HOMILIA

 

Senideok: liturgi urtearen azken domekea dogu gaurkoa. Eta urtea amaitzean Jesus Mesias eta Errege autortzen dau liturgiak. Ba ete dau ezelango esangurarik honek gure bizitzan? Behar bada!

Israelen, erregeak Jainkoak berak agindutako eginkizuna eukan: pobrea babestea, aldeztea; nork aldeztu ez eukanaren aldezle izan behar eban. Lehenengo irakurgaiak jarri gaitu holango errege irudiaren aurrean. Herriak buruzagia behar dau; eta bere beharrizana Dabiden aurrean autortzen dau; eta Dabid errege gantzutuko dabe.

Bigarren irakurgaiak ez gaitu erregearen irudi aurrean jarten; Nazareteko Jesusengan Jainkoaren egintzak agertzen dirala esan deusku, eta beronengan burutzen dauzala Jainkoak bere egintza guztiak; eta beronengan dogula Jainko seme-alaba izatea.

Ebanjelioak, horraitino, jarten gaitu bai guzti honen esangurearen aurrean. Hemen bai aitatzen dala errege izakerea. Baina zelan autortu daiteke errege kurutzean zintzilik dagoan bat? Erregeagan Jainkoaren egintzak aurkitu behar dira; baina kurutzean zintzilik dagoana Jainkoak madarikatua da. Ezin dau, ba, Jainkoagaz zer ikusirik euki. Kurutzeratuak ezin deusku Jainkoa iragarri…

Ala bai? Ez, horraitino, batzuk uste daben Jainkoa. Ez eta batzuk uste daben Mesias ere. Hausnartu daigun, baina: zertatik askatu behar gaitu Mesiasek, zein da haren salbamena? Jainkoaren eginkizuna bere Semea, edo kurutzean edo larrialdian dagoana egoera haretatik ataratea ete da?

Argi dauka Lukas ebanjelariak (eta horixe da ebanjelio txatal honetan emon gura deuskuna), Mesiasek gizakia bere lotura sakonekoetatik askatzen dauala; Jainkoa bizitz-emoilea dala, baina heriotzatik haragoko bizitza, betirauneko bizitza.

Lukasen eskutik kurutzean nor nor dan ikusi geike: agintariek barre egiten deutsoe Jesusi: «buruari eraginka beste batzuk bai salbatu jozak horrek, baina bere burua ezin jok salbatu» esanez. Agintari politikoek ere (gudariak horren irudi) bardin dinotsoe irain eginez: salbau egik heure burua!

Bere errua autortzen dakianak aurkituko dau sufritzen dagoan harengan beste inork aurkitu ezin leikeana: erreinuko jauna, eta bizitz-emoilea: gogoratu naizu zure erreinura heltzean.

Zer balio ete dau, baina, kurutzean hil-zorian dagoan baten berbeak?: gaur izango zara neugaz paradisuan. Ezer balio ete dau berba horrek? Ba, senideok, balioko berba bakarra da bere burua pekatari autortzeko gauza dan batentzat.

Senideok: Kristo Errege autortu gura badogu, behartsuaren babesle eta zaintzaile, salbatzaile eta bizitz-emoile, bide bakarra daukagu: geure pekatua autortzen jakitea; gure beharrizanetik bera autortzea salbatzaile. Benetako beharrizanak, benetako salbamen-egarriak eta bizitz-egarriak eroan geinkez Jesusengana. Eta hau behartsuengan, sufritzen dagozanengan aurkituko dogu. Eta hareen ondoan egoteak, eta hareen alde jokatzeak emongo deusku amesten dogun benetako askatasuna, benetako bizia.